Itxi

Literatura

XVIII.edizioa

Kattalin Minerrek irabazi du Igartza saria

N.V. | eitb.eus

6.000 euroko saria eta lana argitaratzeko konpromisoa jasoko ditu Minerrek, “Kafe beteak” izeneko eleberri proiektuagatik.

Kattalin Miner izan da aurtengo Igartza sariaren irabazlea. Hamazortzigarrenez bultzatu dute Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteei laguntzeko beka hau; aurten, hamabost proiektu aurkeztu dituzte, eta irabazletzat Kafe beteak izeneko eleberri proiektua jotzea adostu dute Ana Jaka, Igor Estankona eta Danele Sarriugarte epaimahaikideek.

Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa ekarriko dizkio Kattalin Miner Perez 1988an jaiotako hernaniarrari. Kazetaria da Miner, mugimendu feministan aritzen da eta ez du oraindik libururik argitaratu.

Emakume arrakastatsu baten noraeza aurkezten du eleberriak, eta hau da sinopsia: “Jezabelek gora egin du enpresan, espero ez zuen herentzia bat ere jaso du, eta, horri esker, etxe bat erosi. Lanean nahiz bizitzan, etengabe erabakiak hartzen ohitua dago, eta zirt-zart egin ohi du, zalantza handirik gabe. Hala ere, txikikeria baten aurrean paralizaturik geratuko da halako batean, aurrera egin ezinda…”

Aurretik, Julen Gabiriak, Jasone Osorok, Unai Elorriagak, Karmele Jaiok, Uxue Alberdik, Jon Martinek, Katixa Agirrek, Irati Jimenezek, Eider Rodriguezek, Garazi Kamiok, Danele Sarriugartek eta Mikel Ayllonek jaso dute saria, besteak beste.