EHUko Euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeko (EUDIA) kide batzuek euskara estandarra ahoskatzeko lehenengo eredua plazaratu dute, baita hori eskolan nola irakatsi behar den landu ere; Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak. Laguntzarako materiala: teoria eta praktika liburua da ikerketaren emaitza. Euskara estandarraren azentua eta intonazioa ikertu dira bertan; eta hortik eredu bat atera da bai azenturako, bai intonaziorako. Eredu horietatik abiatuta, ahozko euskara eskoletan nola irakatsi behar den landu da, bestalde. Iñaki Gaminde liburuaren egileak lanaren inguruko zertzelada batzuk eman dizkigu. “Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak” Oro har, zelakoa da egunero hedabideetan, eskoletan-eta entzuten dugun ahozko euskara estandarra? Zein dira akats ohikoenak? Lehenengo eta behin esan behar da gure lana prosodiaren esparruari dagokiola eta honetan ez dugu ahoskera osoaz jardun. Gai honi dagokionez, esan dezakegu ezen, daukagun eredua eduki dezakegunik onena dela. Eredu orokorra, hau da, hiztunok estandartzat jotzen duguna nahikoa homogeneoa da eta hiztun batzuk arean aldentzen diren arren, ezin akatsez berba egin daiteke. Inguruko erdaren interferentziak gorabehera, zer eragin dute euskalkietako intonazio eta azentu berezkoek euskara estandarraren ahoskeran? Eredu estandarrari gehien eragiten diona Hegoalde-Iparralde muga da. Ohiko euskalki tradizionalek ez daukate eragin handirik, izan ere, antzera egiten dugu estandarra erabiltzean; Hegoaldekook era batera eta Iparraldekoek beste era batera. Esan dezakegu euskalki tradizionala daukatenek molde bi erabiltzen dituztela, bata eurona, betikoa eta, bestea estandarra. Zertan oinarritu duzue ikerketa “euskara estandarra ahoskatzeko lehenengo eredua” ezartzeko? Zer erreferenteri begiratu diozue eredu hori sortzeko? Lanean esparru batzuk lantzen dira: Azentua, Esaldien intonazioa, Testuen intonazioa, Jarrerak, Intentzioak, Emozioak eta Bokatiboak. Batetik, aurreko lanetan egindako iradokizunak kontuan hartu dira (Txillardegi, Hualde, Gaminde...) bestetik ikerketan informatzaileen ekoizpenak aztertuta eta pertzepzioaren emaitzak aztertu dira. Ekoizpenerako informatzaile arrunten produkzioak erabili dira (500 informatzaile inguru) eta aktore profesionalen jarduerak erabili dira. Azentuan eta esaldien intonazioan pertzepzio testak erabili dira. Zergatik ez da orain arte behar beste landu ahozko euskara estandarraren ahoskera-eredua? Arrazoi batzuk egon direla pentsa liteke. Batetik, lehentasunak luzaro idatzikoak eduki ditu eta uste izan da ahozkoa berez garatuko zela; beronen sustraiak euskara estandarraren historian bertan aurki daitezke. Beste alde batetik, eskolan eta euskararen irakaskuntzan uste izan da eta oraindino uste izaten da mundu guztiak dakiela ondo ahoskatzen eta baldin eta idatzizkoaren arauak betetzen badira nahikoa dela. Kontuan hartu behar da, era berean, gaiaren konplexutasuna, orain arte esparru askotan ohiko barietateak deskribatzen jardun dute ikertzaile gehienek eta ezin esan dezakegu iker lerro hau amaitu denik. Dena dela, ikusi dugunaren arabera estandarraren prosodia errazago da ikertzen ohiko barietateena baino. Zer material erabil daitezke jendeak ezarritako estandar hori bereganatu eta zabaltzeko? Gure lanean eskolarako proposamen batzuk aurkezten ditugu. Gure ustez lehenengo eta behin irakasleak eurak arazoaren garrantziaz jabetu behako lirateke; eskua hartze didaktikoari begira jolasen bidez lantzeko proposamen zehatzak egiten ditugu. Gure hau lehen urrastzat baino ezin har daiteke eta argi ikusten dugu material berezitua egin beharko litzatekeela; bideojokoak, IKTen oinarritutako materialak, e.a. Hala ere, beharleku hori teoriaren aplikazioa izan beharko litzateke aurrerantzean garatzeko.