Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

Finala

Binakako txapela nafarra da

eitb.eus

Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta aise nagusitu zaizkie 22 eta 9 Danel Elezkano eta Beñat Rezustari. Urdinek ez dute aurreikusitako maila eman eta finalak ez du kolorerik izan.

1:24
Ezkurdia-Zabaleta txapeldunak

Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta pilotari nafarrek irabazi dute, nagusitasun osoz, Danel Elezkano bizkaitarraren eta Beñat Ezkurdia gipuzkoarraren aurka jokatutako Binakako Txapelketako finala.

Zabaletarentzat bere bigarren txapela da, lehena 2013an irabazi zuen Juan Martinez de Irujorekin bikote eginda; Ezkurdiarentzat, berriz, lehena. Arbizukoa izan da finaleko pilotaririk onena. Biek maila bikaina eman dute hasiera-hasieratik.

ASPEko bi bikoteen arteko partidak 3.000 zale bildu ditu Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta kantxan ikusitakoak ez du askorako eman. Gorriak jaun eta jabe izan dira, eta urdinek, berriz, maila eskasa eman dute aurretik jokatutako partidekin alderatuta, batez ere. Rezusta bereziki makal aritu da, eta hamar bat huts egin ditu, behartu gabeak.

Elezkano II.ak ere ez du bere eguna izan. Hasieratik zalantzaz beteta eta urduri agertu da, baina partidak aurrera egin ahala hobera egin du. Horri esker, 18 eta 4ko markagailutik 18-8ra pasa dira, baina bizkaitarraren eta gipuzkoarraren erreakzioa hortxe geratu da.

Nagusitasun nabarmena eta tanto ederrak

Markagailuko aldeak handiak izan diren arren nafarren alde, 7-1 eta 11-2, finaleko lehen zati horretan sortu dizkiete urdinek arazo gehien gorriei.

Partida oso azkar erabaki da gorrien alde, baina tanto ederrak ikusteko aukera ere izan da, 8 eta 2koa eta 12 eta 3koa, esaterako.

Azkenean, 22 eta 9, gorriak nagusi kolorerik gabeko finalean.

 

Finaleko tanto guztiak:

1-0, 1-1, 2-1, 3-1, 4-1, 5-1, 6-1, 7-1, 7-2,  8-2, 9-2, 10-2, 11-2, 11-3, 12-3, 12-4, 13-4, 14-4, 15-4, 16-4, 17-4, 18-4, 18-5, 18-6, 18-7, 18-8, 19-8, 20-8, 21-8, 21-9, 22-9.