Binakakoa
Finala
Irujo eta Barriola, jaun eta jabe
Leire Etxazarra | eitb.com
Aspeko bikotea 22 eta 13 nagusitu zaie Olaizola II.ari eta Aretxabaletari, Binakako Txapelketako final gogor eta lehiatuan.
Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak merezimendu osoz irabazi dute Binakako Txapelketako final handian. Urdinak jaun eta jabe izan dira eta Olaizola II.a eta Aretxabaleta 22 eta 13 menderatu dituzte. Goizuetakoak ez du bere egunik onena izan aurreko aldean, ezta gutxiagorik ere, eta hori erruz ordaindu dute Asegarcekoek.
Partida erritmo biziarekin hasi da, tanto bakoitza etenik gabe borrokatu dute lau pilotariek. Baina hasieratik argi geratu da Irujoren estrategia: Andoni Aretxabaleta gaztea pilotakada bortitzetik zigortzea, bata bestearen atzetik. Markinakoak debuta egin du aurten Binakakoan, eta lan gogorra izan du finalean, baina oso txukun aritu da, dena emanda, eta berarentzat izan dira zaleen txalo zaparrada handienak. Merezita.
Baina finaleko protagonista handia, kantxako izarra, Juan Martinez de Irujo izan da, zalantza izpirik gabe. Iberokoa izugarri aritu da ezkerrez, eta berari esker zabaldu dute aldea markagailuan urdinek. Barriola ere bikain aritu da, oso seguru atzeko aldean. Gauzak horrela, partida hirunakoaren ostean hautsi da, atzera bueltarik gabe.
Aimar ia desagertuta aritu da, errematean sartzeko oso aukera gutxirekin eta defentsan egin beharreko lanengatik gaindituta. Irujo eta Barriola nahi bezala aritu dira. Konturatzerako, 9 eta 14 alde egin dute, gorrien etsipenerako.
Hortik dena maldan gora izan da goizuetarrak eta markinarrak osatutako bikotearentzat. Aretxabaleta hustu egin da fisikoki, aurkarien pilotakadei erantzuteko lanetan. Ondoan, Abel Barriola maisu aritu da, lasai, eta oso ziur, ia hutsik egin gabe. Leitzarrak merezita jantzi du txapela, Binakakoa zen falta zitzaion garaipen bakarra.
Ia 7 minutuko tantoa
Markagailuan alde handia izan bada ere, borroka etenik gabekoa izan da Bizkaia pilotalekuko kantxan. Tantoak hustu arte lehiatu dituzte, 12-17koa da horren adibide argia: 7 minutu luze iraun ditu eta 130 pilotakadatik gora eman dituzte pilotariek. Azkenik, tantoa gorriek irabazi dute, Irujoren hutsari esker.
Neurketako tantorik onena, hala ere, amaiera aldera iritsi da: 13 eta 21ekoa, urdinen aldekoa, ordura arte finalean gertatutakoaren laburpenik onena. Azkenean, 13 eta 22 nagusitu dira Irujo eta Olaizola. Iberokoak Binakakoaren bosgarren txapela irabazi du; leitzarrak, aldiz, lehena.
Partidako tanto guztiak:
1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 3-2, 3-3, 3-4, 3-5, 3-6, 3-7, 4-7, 4-8, 5-8, 5-9, 6-9, 6-10, 7-10, 8-10, 8-11, 8-12, 9-12, 9-13, 9-14, 9-15, 9-16, 9-17, 10-17, 11-17, 12-17, 12-18, 13-18, 13-19, 13-20, 13-21, 13-22.