Itxi

Parisko Olinpiar Jokoak 2024

Irailaren 7tik 18ra

4 euskal kirolari Rioko Joko Paralinpikoetan

eitb.eus

Rakel Mateo, Asier Garcia, Amador Granados eta Iñigo Llopis triatloian, gurpil-aulkiko saskibaloian, txirrindularitzan eta igeriketan lehiatuko dira.

  • Iñigo Llopis

    Iñigo Llopis

Brasilgo Rio de Janeiro hirian jokatuko dira 2016ko irailaren 7tik 18ra bitartean XV. Joko Paralinpikoak, aurreko asteetan Olinpiar Jokoan antolatu diren egoitza eta instalazio berberetan, alegia. Guztira, desgaitasun fisiko edo intelektualen bat duten 175 herrialdetako 4.350 kirolari lehiatuko dira, eta horien artean, lau euskal kirolari: Rakel Mateo (triatloia), Asier García (gurpil-aulkiko saskibaloia), Amador Granados (errepideko eta pistako txirrindularitza) eta Iñigo Llopis (igeriketa).

Lehiaketak iraungo duen 11 egunetan, 528 proba jokatuko dira; horietatik 264 gizonezko probak izango dira, 226 emakumezko probak, eta 38 proba mistoak. Norgehiagokak 20 egoitzetan antolatuko dira, hiriko lau esparrutan banatuta: Barra (12), Deodoro (3), Copacabana (3) eta Maracana (2).

BAT TO RIO 2016ko kirolari paralinpikoak

Gurpil-aulkiko saskibaloia: Asier Garcia
Txirrindularitza: Amador Granados (Kilometroa, Errepidea eta Taldekako Abiadura)
Igeriketa: Iñigo Llopis (50 metro libreak, 100 metro libreak eta 400 metro libreak)
Triatloia: Rakel Mateo

Euskal ordezkarien artean, Amador Granados (Andoain, 1967) dugu beteranoena, Riokoa hirugarren hitzordu paralinpikoa izango baita harentzat, Atenasen (2004) eta Pekinen (2008) lehiatu ondoren (azken honetan Paralinpiadetako orain arteko emaitzarik onena lortu zuen: 5. postua erloju kontrako proban). Txirrindulari gipuzkoarrak kilometroko proba jokatuko du irailaren 10ean, taldekako abiadurarena hilaren 11n, eta errepideko iraupen-proba hilaren 16an eta 17an.

Aurten Bidaideak Bilbao BSR taldearekin denboraldi aparta egin duen Asier Garciarentzat (Bilbo, 1981), Riokoak bigarren Joko Paralinpikoak izango dira. Gurpil-aulkiko saskibaloi partidak Rioko Arena Carioca 1 eta Arena Olimpica egoitzetan jokatuko dira irailaren 8tik 17ra bitartean.

Azken urteotako ahaleginari eta garaipenei esker, Rakel Mateok (Mungia, 1975) triatloiaren Paralinpiadetako debutean parte hartzea ahalbidetuko dion txartela eskuratu du. Hauxe da desgaitasun fisikorik handiena izan baina hanketako mugikortasunari eutsi dioten atletei dagokien PT2 kategoriako kirol ekitaldirik garrantzitsuena. Paratriatletak irailaren 10ean eta 11n lehiatuko dira Rio-n, taldearen Zuzendaritza Teknikoko espedizio-buru Angel Aguado eta Zuzendaritza Teknikoaren laguntzaile-lanetan jardungo duen Joaquín Carrasco aldean dituztela.

Rio-n Basque Teamen babespean lehiatuko den kirolaririk gazteena Iñigo Llopis (Hernani, 1998) igerilari gipuzkoarra izango da. Dopina dela eta, Kirol Arbitrajeko Auzitegiak (KAA) errusiar kirolariak lehiatik kanpo uztea erabaki zuen, eta horrek Riorako sailkapena erraztu zion Llopisi, Madeiran jokatutako Europako Txapelketa zuzeneko txartela lortzeko ehunen gutxi batzuetara amaitu ondoren. Llopisek hiru probatan parte hartuko du: 50 eta100 metro libreetan eta banakako 200 metroetan.