Itxi

Futbola

Kereila, onartuta

Messi eta bere aita ustezko iruzur fiskalagatik inputatu dituzte

Erredakzioa

Fiskalaren arabera, Jorge Horacio Messi Perez futbolariaren aita da ustezko iruzurraren bultzatzailea. Irailaren 17an epailearen aurrean deklaratu beharko dute.

  • Leo Messi, urrezko baloiarekin. Efe.

    Leo Messi, urrezko baloiarekin. Efe.

Gava Bartzelonako udalerriko epaitegi batek Leo Messi Bartzelonako jokalaria eta haren aita inputatu ditu, Ogasunari lau milioi euroko iruzurra egin diotelakoan. Ustezko iruzurra 2006 eta 2009 urteen artean egin zuten, jokalariaren irudi eskubideen harian.

Epaitegietako informazioen arabera, epaileak Bartzelonako Fiskaltzak jarritako kereila onartu du eta jokalaria eta bere aita irailaren 17rako deitu ditu deklaratzera.

Fiskaltzaren arabera, Messiren estrategia irudi eskubideak paradisu fiskaletan zeuden erakundeei saltzea zen (Belizen eta Uruguain). Aldi berean, Erresuma Batuan eta Suitzan zeuden beste enpresa batzuekin eskubideen kontratuak sinatzen zituen.

Sare horri esker, futbolariaren diru sarrerak Erresuma Batutik eta Suitzatik paradisu fiskaletako enpresetara joaten ziren, Ogasun publikoari zergarik ordaindu gabe.

Aitaren plana

Fiskalaren ustez, Jorge Horacio Messi jokalariaren aita da iruzurraren ustezko bultzatzailea. Plana Messi adingabea zenean martxan jarri zuen, etorkizunean semearen balio ekonomikoak gora egin zezakeela ikusita.

Messik 18 urte egin zituenean, aitaren iruzurrari oniritzia eman ziola dio Fiskalak. Ondorioz, 2006, 2007, 2008 eta 2009 urteetan iruzur egin diete Bartzelonari, Sabadell Bankuari, Danoneri, Adidasi, Pepsi-Colari, Telefonicari eta Kuwait Food Company izeneko enpresari, besteak beste.