Itxi

Athletic Club

AGURRA

Iker Muniainek ez du Athleticen jarraituko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Hala iragarri du jokalariak berak Athleticek zabaldutako bideo baten bidez. Aurrelari nafarrak 15 denboraldiren ostean utziko du talde zuri-gorria.

  • Iker Muniain, Athleticekin jokatutako partida batean. Argazkia: EFE

    Iker Muniain, Athleticekin jokatutako partida batean. Argazkia: EFE

Iker Muniain Athleticeko kapitainak ez du talde zuri-gorrian jarraituko, 15 denboraldiz lehen taldean jokatu ostean, asteazken honetan iragarri duenez.

"Izugarria izan da, zaleek eta taldeak erakutsitako batasunak munduan berdingabeak garela erakutsi du. Erabaki zaila izan den arren, onena dela uste dut, bai taldearentzat bai niretzat. Abestiak dioen moduan (Hertzainak taldearen Aitormena kantuari erreferentzia eginda): Bai, zin dagizut, izan zarela ene bizitzaren onena. Baina orain, maitia, lehen baino lehen aska gaitezan", baieztatu du Iker Muniainek Bizkaiko klubak zabaldutako bideoan.

Futbolari nafarrak 557 partida jokatu ditu Bilbon egindako ibilbidean, Iribarren atzetik gehien jokatu dituen jokalaria izanik. 12 urte zituela iritsi zen Lezamara, haur mailan. 16 urterekin debuta egin zuen lehen taldearekin, 2009ko uztailaren 30ean izan zen, San Mamesen, Young Boys taldearen aurka. Itzuliko neurketan, Athleticekin partida ofizialean gola sartu zuen jokalaririk gazteena bihurtu zen, Txomin Acedoren atzetik.

Guztira, Muniainek 75 gol sartu ditu Ligan, Kopan, Txapeldunen Ligan eta Europa Leaguen jokatutako partidetan. Bi Superkopa (2014/15 eta 2019/20) irabazteaz gain, Athleticen 25. Errege Kopa lortu du, 40 urteko lehortearen ondoren. Kopako txapeldunorde izan da bost aldiz, eta behin, Europa Leaguen. Familia zuri-gorriaren oroimen kolektiboan, Old Trafforden De Gea atezainari sartu zion gol enblematikoa geratuko da, eta baita Txapeldunen Ligako atariko joaneko partidan Napoliri sartu ziona.

Azkenik, Athleticek jakinarazi nahi du datozen egunetan kapitaina agurtzeko eta omentzeko ekitaldia egingo dutela San Mamesen. Egun berezi horretarako sarrera librea izango da.