Gaztea

Musika

Super Bowl 2024: Usher, Alicia Keysen agerpena eta Taylor Swiften ospakizuna

B. F. | EITB Media

Bart jokatu da NFL ligako finala, Las Vegaseko Allegiant Stadiumen. Usher artistak girotu zuen atsedenaldia, gonbidatu bereziz inguratuta.

1:04
Usher

Bart jokatu da 2024ko Super Bowleko finala, Kansas City Chiefs eta San Francisco 49ers taldeen artean (25-22). Kirol ikuspegitik ikusgarria izan da finala (luzapenean erabaki da partida), baita entretenimendu aldetik ere.

Usher musikaria izan da atsedenaldia girotzeko arduraduna. 30 urteko musika ibilbide oparoaz baliatu da bere ikuskizuna osatzeko. "U Got It Bad", "Superstar" eta "Caught Up" abestiak kantatu ditu zuzenean, dantzariz inguratuta.

Gaueko protagonistak Alicia Keys eta will.i.am gonbidatu ditu oholtza gainera, "If Ain't Got You", "My Boo" eta "O.M.G." elkarrekin kantatzeko. Keysen ezusteko agerpenak Alliegant Stadiuma hankaz behera jarri du. Bukatzeko, Ludacris eta Lil Jon raperoak agertu dira, "Yeah!" eta "Turn Down for What" abestiekin batera.

Partidaz eta atsedeneko ikuskizunaz gain, Taylor Swiftek eraman ditu Super Bowleko zaleen begiradak. Izan ere, Travis Kelce bikotekidea animatzen ikusi dugu abeslaria, Ice Spice, Lana del Rey eta Blake Lively lagunekin, partida osoan zehar. Bukatutakoan, bikoteak musu ikusgarri batekin ospatu du Kansas City Chiefsen garaipena.