Gaztea

Gaztea Sariak

Bulego, Leihotikan, Nøgen, Tatta eta Duplaren kantak, abesti onenaren sarirako lehian

B. F. | EITB Media

‘Zure Begi Horiek, ‘Etorkizuna Ginenean’, ‘Abendua’, ‘Zure atzetik’ eta ‘Gau zoro bat Bartzelonan’ dira izendatutako abestiak.

  • Abesti onenaren izendapenak

    Abesti onenaren izendapenak

Bulegoren "Zure Begi Horiek", Leihotikan eta Gorka Urbizuren "Etorkizuna Ginenean", Nøgen eta David Ruizen "Abendua", Tatta eta Malakiasen "Zure atzetik" eta Dupla eta Julietaren "Gauz zoro bat Bartzelonan" dira 2024ko Gaztea Sarietako abesti onenaren kategoriako bost izendatuak. Otsailaren 29an banatuko dira garaikurrak, Bilboko Euskalduna Urban Hallen.

"Zure begi horiek" izan zen Bulegoren disko berriaren unibertso zabaldu zigun abestia. Lehen single horrekin, bandaren alderik xamurrenaz gozatzeko aukera eman ziguten. Lehen singleaz eta Aldatu Aurretik diskoaz galdetuta, horrela azaldu zigun Tom Lizarazuk: "Niretzat diskoaren motibazioa aitatasuna izan da, baina edozein aldaketak eragiten duen grinari buruzko lana da".

30 urteko ibilbidea omentzeko urtea izan da 2023a Leihotikan taldeko kideentzat. Izen bereko diskoaren aurrerapen kanta da "Etorkizuna ginenean". Omenaldi honetan, taldekideak ez datoz bakarrik. Kanta honetan, Gorka Urbizuren eskutik datoz iruindarrak.

Nøgen donostiarrek La M.O.D.A. taldeko David Ruizekin batera egindako kanta da "Abendua". Åben Cirkel diskoan aurki ditzakegu singlea. Diskoan aurki daitezkeen hamaika kolaborazioetako bat da aurtengo izendatua. Zuzenean jo ziguten Gazteako platoan.

Tatta eta Malakiasen "Zure atzetik" abestia iazko fenomenoetako bat izan da. Streaming plataformetan atera ostean, TikToken biral egin zen abestia. Egun, 676.000 entzunalditik gora ditu Spotifyen, eta Tatta zein Malakiasen abesti berri entzunena da. Tattaren disko berrian aurkituko dugu kolaborazioa.

Gaztea Kabian ekimenaren baitan sortu zuten Dupla eta Julietak "Gau zoro bat Bartzelonan". Estreinuak izandako arrakasta eta gero, plataformetan argitaratzea erabaki zuten. Kanta nola sortu zuten ikusi nahi baduzu, ikusi bi taldeen arteko Gaztea Kabian.

Gaztea Sariak

Hautagai guztiak aurkeztuta, zuen gustukoenaren aldeko botoa emateko aukera izango duzue Gaztearen webgunean. Irabazleek otsailaren 29an jasoko dute garaikurra ezustekoz beteriko galan.

2023an euskal musikak emandakoak saritzeaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da (bezperan zein sari banaketaren egunean), Gorka Urbizu eta ETSren kontzertuekin.