Teknologia -
Appleren smartphone berria
Siri laguntzailea: Applek iPhone 4Srekin hitz egiten ikusi nahi zaitu
Applek aurkeztutako berrikuntza guztien artean, handiena Siri laguntzailea da, hots, iPhone 4S berriari ahotsaren bidez aginduak emateko zerbitzu berria.
Erredakzioa
Tim Cook Appleko presidenteak lan zaila izan zuen atzo Cupertinon: Steve Jobsen distirari jarraipena, iPhone berriaren aurkezpenean. Txantxa batekin eta guzti eman zion hasiera ekitaldiari: "Seguru ez zenekitela nire lehen ekitaldia dela produktu bat aurkezteko". Ekitaldi horretan, iPhone 4S berria aurkeztu zuten, hots, gurekin solasaldiak izateko gai den smartphone berria.
Irribarreen ostean, Cook datuak ematen hasi zen, bete-betean: iTunesen 16.000 milioi abesti saldu dituztela, iOS sistema-eragilea darabilten 250 milioi telefono daudela...
Harrezkero, hainbat goi-kargudun igo ziren eszenatokira, produktu berriak aurkeztera, hala nola iCloud zerbitzua (urriaren 12an abian) eta iPhone 4S berria (urriaren 28an salgai Espainian)
IPhone berria azkarroa da eta kamera hobea du. 64 Gb-eko bertsioa 399 dolarretan izango da salgai, 32 Gb-ekoa 299 dolarretan eta 16 Gb-ekoa 199 dolarretan.
Asko iPhone 5 berriaren zain zeuden, baina azkenean ez zuten esperotakoa jaso. Atzo aurkeztutako produktu izarra iPhone 4ren hobekuntza bat baino ez da.
Hitz egin zure iPhone 4Srekin
Nolanahi ere, iPhone 4Sk dituen berrikuntza esklusibo guztien artean, Applek bati eman dio garrantzi handiena: Siri laguntzaireari, telefonoa ahotsaren bitartez kontrolatzea ahalbidetzen duen sistema.
Applek jada erakutsi die zerbitzua kazetari batzuei .
Siriren botoa sakatu eta gero, telefonoarekin hitz egin ahal izango dugu, edota galderak egin. Adibidez, "Gaur berokia jantzi behar dut?" galdetuta, telefonoak eguraldia aztertu eta baietz edo ezetz erantzungo du.
Beste hainbat aukera: "Josebarekin urriaren 20an geratuko naiz, 14:00etan" esan, eta telefonoak agendan sartuko du zita. Edo "Gogorarazi amari deitu behar diodala gaur gauean", eta telefonoak gogorarazi egingo du 'Reminders' zerbitzu berriarekin.
Sirik mezu elektronikoak eta SMSak dikatzea ere ahalbidetzen du.
Applek ahotsaren erabilera estandarizatu nahi du, eta badirudi Siri sistemak ondo funtzionatzen duela. Ikusteke dago, baina, arrakasta izango duen.
Appleren ekitaldiaren amaieran, Cookek agurra eman zuen, baina ez Steve Jobsen "One more thing" esaldi ospetsu batekin, eta iPhone 5 berria ezta aipatu ere egin gabe.