Teknologia -
Telebista Interneten
Zer da eta nola erabiltzen da Netflix?
Abantailak, prezioak… Urriaren 20an Espainiako Estatura iritsiko den Interneteko telebista zerbitzu berriaz jakin beharreko guztia.
agentziak | erredakzioa
Netflix, duela zortzi urte AEBn sortu eta dagoeneko 62 milioi erabiltzaile dituen Internet bidezko ordainpeko telebista, urriaren 20ean iritsiko da Espainiako Estatura, baina…
Zer da?
Internet bidez telebista "nahieran" ikusteko plataforma bat da, hau da, eduki katalogo zabala du, eta erabiltzaileak nahi duenean eta nahi adina aldiz ikus ditzake. Gainera, Internetera konektatuta dagoen eta pantaila duen edozein gailurekin erabil daiteke: PCa, telebista, ordenagailu eramangarria, bideokontsola, telefonoa, tableta, etab.
Zeintzuk dira abantaila nagusiak?
Edukiak ez dira deskargatu behar, zuzenean ikusten dira, ordutegi finkorik gabe, erabiltzaileak nahi duenean, eta ez dute gailu teknologikoaren memoria betetzen. Hala, aparailua ez da arriskuan jartzen, deskargen bidez sar daitezkeen birusak saihesten direlako. Gainera, abantaila nagusietako bat da telesail bat estreinatzen den egunean bertan denboraldi osoa dagoela eskuragarri.
Zer ikus daiteke Netflixen?
Pelikulak, telesailak, dokumentalak… Lehiakideekiko dituen beste abantailen artean, ekoizpen propioko telesailak daude, arrakasta handia lortu dutenak. Ekoizpen propioko telesail arrakastatsuenen artean daude: Sense8, Daredevil, Bloodline, Marco Polo, Unbreakable, Kimmy Schmidt, Grace and Frankie eta Chef's Table.
Non dago dagoeneko?
Netflixen ibilbidea 2007an hasi zen AEBn, eta 2010ean egin zuen salto nazioartera, Kanadara hain zuzen ere. 2011n Latinoamerikara egin zuen jauzia, eta 2012an Europara iritsi zen, Britainia Handira, Irlandara, Danimarkara, Finlandiara, Norvegiara eta Suediara; eta 2013rako Herbehereetan ere bazegoen. 2014an beste herrialde batzuetan ere jarri zuten zerbitzua, eta 2015ean Australia, Zeelanda Berria, Japonia, Italia, Portugal eta Espainiako Estatua dira aukeratuak. 2016 amaierarako Netflixek mundu osoan egon nahi du.
Ze prezio izango du?
Arduradunek jakinarazi dute Europako gainerako herrialdeen parekoak izango direla prezioak. Hala, 7,99 eurotik 11,99 eurora iritsiko dira, hiru tarifa desberdinekin, konektatutako gailu kopuruaren eta zehaztasunaren arabera; izan ere, 4K ere eskainiko du.
Pirateriaren konpetentzia
Netflixek uste du 15-20 urteren buruan Internet bidezko telebista tradizionalari gailenduko zaiola. "Pirateria" lehiakidetzat du enpresa estatubatuarrak, baina erabiltzaileak ordaintzeko prest egongo direla uste du, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea altua delakoan prezio horretarako.
Netflixek arrakasta izan al du beste herrialde batzuetan?
Erabiltzaileen kopurua: 62 milioi mundu osoan, baina horietako 40 milioi AEBn. Zerbitzuaren tamaina: aurtengo urtarriletik martxora erabiltzaileek 10.000 milioi ordu eduki deskargatu zituzten.
Netflixen arduradunek espero dute banda zabala duten Espainiako Estatuko etxebizitzen % 40k kontratatuko duela zerbitzua zazpi urteren buruan, AEBn gertatu bezala.