Teknologia -
Mundu guztian merkaturatzea
Badator Windows 10: Nola instalatu eta berritasunak azalduko dizkizugu
Windows bueltan da 7 eta 8 bertsioen erabiltzaileentzako doako eguneraketa gisa.
eitb.eus
Gaur da eguna. Windows 10, Microsoft enpresaren sistema eragilearen azken eguneraketa, asteazken honetan iritsiko da munduko merkatu guztietara. Bertsio horrekin Microsoften asmoa da Apple eta Google enpresek kontrolatzen duten gailu mugikorren esparruan garrantzia izaten jarraitzea.
Microsoftek doan eskainiko du eguneraketa, bi urteren buruan 1.000 milioi erabiltzaile eskuratzeko azken xedearekin.
Windows 10 lehendabizi ordenagailuetan eta tabletetan egongo da erabilgarri, baina sakelako telefonoetan eta jolasteko kontsoletan ibili ahal izateko ere diseinatuta dago.
Dituen funtzio berrien artean, besteak beste, Edge nabigatzaile berria eta ordenagailuetarako Cortana ahots bidezko laguntzailea, Google Now edo Apple enpresaren Siriren parekoa.
Will Dixonek, Windowsen marketin zuzendariak, nabarmendu duenez, Cortanak ez ditu bakarrik erabiltzaileen galderak erantzuten, aplikazioak zabaltzen edota oharrak hartzen, baizik eta "umore-sena era badu", eta txisteak egiteko gai da. "Berezko nortasuna dauka eta txiste bat konta diezazula eska diezaiokezu", gaineratu du.
Windows 10 sistemak sartzen dituen aldaketak gorabehera, Dixonek ziurtatu du sistema eragilearen bertsio berria "ezaguna" egingo zaiela erabiltzaileei.
Windows 10ek berriro gaineratzen du hasierako menua (Start), eta erabiltzaileak haren bidez sartu ahal izango dira gogokoen dituzten aplikazioetara eta programetara. Aukera hori desagertu egin zen aurreko bertsioan, onarpenik izan ez zuen Windows 8an.
Sistema eragile berriak ikonoak berrantolatzeko eta tamainaz aldatzeko aukerak ere ematen ditu.
Nola instalatu
Erraza da: lehenengo eta behin doako eguneraketa erreserbatu behar duzu, zure mahaigainean, ataza-barraren eskuineko aldean, ikusiko duzun Windows ikonoaren bidez. Ondoren, nahikoa da Windows Update delakoak dagoeneko jaitsi dezakezula abisatzen zaituen arte. Ez etsi oharrik jasotzen ez baduzu, gerta daiteke hainbat egun itxaron behar izatea, zerrendan azken postuetan egonez gero.
Hori bai, aurretiaz Windows 7 edo Windows 8 sistemak guztiz eguneratuta izan beharko dituzu. Hori horrela ez bada, zain dituzun aurretiko eguneraketa guztiak jaitsi beharko dituzu.
Windowsen aurretiko beste bertsioren bat baduzu edota beste sistema eragileren bat, ordaindu egin beharko duzu Windows 10 eskuratzeko: 7 edo 8 bertsioak darabiltzatenentzat besterik ez da doakoa. Prezioa? 119 dolar Home bertsioa eta 199 Premium bertsioa.