Politika -

Ezohiko Batzar Orokorra

Ibone Bengoetxea, Eudeleko presidente berria

Bengoetxeak sentsibilitate guztien batasuna eskatu du Eudel lanean jarraitzeko. 1982an erakundea sortu zenetik zuzendaritzara heltzen den lehen emakumea da Bengoetxea.

Ibone Bengoetxea Eudelen presidente berria, artxiboko irudian. Argazkia: EITB
Ibone Bengoetxea Eudelen presidente berria, artxiboko irudian.
Ibone Bengoetxea, Eudelen presidente berria

01:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibone Bengoetxea (EAJ) Bilboko zinegotzia aukeratu dute gaur Eudel EAEko Udalen Elkarteko presidente Batzar Orokorrean botoen % 92 jasota. 1982an elkartea sortu zenetik lehenengo emakumezko presidentea izango da.

Eudeleko buruzagia izendatu ostean eskainitako hitzaldian, erakunde honen funtzionamendua bermatzeko "sentsibilitate politiko guztien" batasunaren aldeko deia egin du Bengoetxeak.

Halaber, udalen funtzioak berrikusteko beharra azpimarratu du, funtzioen bikoiztasuna saihesteko. Zentzu honetan, lehenengo udal legearen lantzearen garrantzia nabarmendu du baina Eudeleko buruzagiaren esanetan, lege hura "adostasunetik" jaio behar da.

Krisiari dagokionez, gastu publikoa murriztu behar dela gaineratu du Bengoetxeak, beti ere "oinarrizko zerbitzuak bermatuz eta zerbitzu publikoaren funtzioa mantenduz".

Ibone Bengoetxeak Jokin Bildarratzen eskutik jaso du aginte-makila. Eudelen seigarren presidentea izango da eta inoiz alkate izan gabe kargua eskuratu duen lehena.

EAJko kidea da presidente berria, karguan izan diren aurreko guztiak bezalaxe: Iñaki Oregi, Jose Maria Gorordo, Jose Maria Gonzalez Zorrilla, Karmelo Sainz de la Maza eta Jokin Bildarratz.

Bengoetxea zen EAJk, PSEk eta PPk adostutako hautagaia, hori dela eta, 525 bototik 486 eskuratu ditu gaur goizean Durangoko Landako Gunean egin duten Ezohiko Batzar Orokorrean. Hautagai independenteak 29 boto jaso ditu eta 10 boto zuri eman dituzte.

Bengoetxearekin batera, Eudelen batzorde exekutiboa ere aukeratu dute. Besteak beste, Jose Antonio Santano (PSE) Irungo alkatea eta Javier Maroto (PP) Gasteizkoa izango dira presidenteordeak.

Guztira, EAJk bederatzi kide izango ditu 15 kidek osatutako exekutiban, PSEk lau eta PPk bi. Bildu, berriz, kanpoan geratu da, nahiz eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zinegotzi gehien dituen koalizioa izan.

Eudelen barruan 251 udalerri daude, ia denak EAEkoak, baina Nafarroako batzuk badaude, eta baita Trebiñuko (Burgos) bi udalerriak ere.

Eudel, udalen bozeramailea

Jokin Bildarratzek, gaur arte Eudelen presidente izan denak, adostasuna "zaintzearen eta aberastearen" aldeko deia egin du eta Eudel "udalen bozeramaile" izateko apustua berretsi du ezohiko batzar orokorrean eman duen hitzaldian.

Gainera, Euskal Herrian garai berri bat "sumatzen" duela esan du: "Badirudi behingoz euskal ametsa betetzeko momentua gertu dagoela". Horren harira, "elkarbizitza baketsua lortzeko bidean udalei paper garrantzitsua jokatzeko aukera paregabea" ematen zaiela esan du.

Bestalde, etorkizunari begira, Udal Legearen onarpena aipatu du Bildarratzek erronka gisa. "Egun, herriarentzat behar beharrezkoa den zerbait izatea lortu dugu", gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea