Politika -

Agiria

Uxue Barkosek iragarri du bularreko minbizia duela

Nafarroa Baik Kongresuan duen diputatuak adierazi du ohiko jarduetara "ahalik eta lasterren" itzultzen saiatuko dela. "Animatuta eta indartuta" agertu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroa Bai koalizioak Kongresuan duen diputatu eta Iruñeko alkategaiak iragarri du bularreko minbizia duela eta, hortaz, "hurrengo egunetan" zeregin politikoak utziko dituela.

"Beste hainbat emakumek bezala, bularreko minbizi bati aurre egin behar diot, eta ahalik eta lasterren, tratamenduak ezarriko dituen epeen arabera, itzuliko naiz ohiko jarduetara", adierazi du.

Agiri labur batean, Barkos "animatuta eta indartuta" agertu da.

Oharra bidali eta minutu batzuetara, Uxue Barkosek agerraldia egin du hedabideen aurrean. "Hau senda daiteke", esan du bere gaixotasunari buruz. Asteazkenean ebakuntza egingo diote, jakinarazi duenez.

Iñaki Cabases eta Itziar Gomez alderdikideekin egin du agerraldia. Datozen egunetan "arrakasta lortzeko aukera asko dituen" gaixotasunari aurre egingo diola berretsi du Barkosek.

"Egunotan aurkitu dudan pentsamendurik baikorrena da hauxe: hau sendatu naiteke", esan du.

Duela gutxi, Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidenteak ere jakinarazi zuen minbizia duela, eta duela egun batzuk ebakuntza egin zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea