Politika -
Irakasleen faltan
Seaskak mobilizazioak iragarri ditu 'alerta gorriaren' aurrean
2018ko irailean aurten baino 230 ikasle gehiago izango dira Seaskako ikastoletan, baina Frantziako hezkuntza agintaritzak ez die irakasle gehiagorik aitortuko.
eitb.eus
Euskararen Erakunde Publikoaren, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren eta Seaskaren arteko negoziazioak bertan behera gelditu dira. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak azaldu duenez, datorren ikasturterako 230 ikasle gehiago izango dira ikastoletan, eta Frantziako agintariek ez diete irakasle gehiagorik aitortuko.
“Akademia Inspektoreak eta Errektoradutzak heldu den sartzerako guretako 0 postu dituztela adierazi digute” martxoko bilkuran (abenduko eta urtarrileko bileretan, irakasle postu gehiago sortzearen aldeko jarrera erakutsi zuten, Seaskaren arabera), elkartearen ohar batek dioenez, eta, horren aurrean, negoziazioak bertan behera gelditu dira.
“Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Akademia ikuskariak proposatzen dituen antolaketekin, 3 ikastolatatik 2 kaltetuak izanen dira”, idatziak dioenez, eta, hartara, 50 ikasleko ikasgelak ere izango ziren lehen mailetan, lizeoan eta kolegioetan.
Mobilizazioak
Horren aurrean, ikastolek “alerta gorria” ezarri dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte “Paue, Bordele eta Parisen jarrera aldaketa erdietsi arte”.
Herri Urratsera arte, lehen mobilizazio fase bat abiatuko dute, eta berorren ekimen nagusia maiatzaren 4an egingo dute.