Politika -
Omenaldia
Jose Ignacio Iruretagoiena oroitu dute Zarautzen, hil zutela 20 urte bete direnean
Udaletxean egindako ekitaldian alderdi politiko guztietako ordezkariak eta PPko zinegotziaren senideak izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Zarauzko Udalak Jose Ignacio Iruretagoiena Alderdi Popularreko zinegotzia omendu du astearte arratsaldean, ETAk hil zuela 20 urte bete direnean.
EH Bilduk ez beste udal talde guztiek adierazpen bat adostu dute, hilketa hura "bidegabea eta krudela" izan zela nabarmenduz.
Iruretagoiena 1998ko urtarrilaren 9an hil zuten, ibilgailu azpian jarritako lehergailu bat zartarazita. ETAk Euskadiko PPko beste hiru zinegotzi hil zituen aurretik: Gregorio Ordoñez, Miguel Angel Blanco eta Jose Luis Caso.
Garai hartan, Eusko Alkartasunaren esku zegoen Zarauzko alkatetza, eta herriko seme kutun izendatu zuen Iruretagoiena.
Hilketaren 20. urteurrenean, Udalaren omenaldia jaso du Iruretagoienak. EAJk eta PSE-EEk zuzentzen dute gaur egun.
Iruretagoiena oroitzeko plaka bat jarri dute osoko bilkurak egiteko aretoan, eta Xabier Txurruka alkateak adierazpen instituzionala irakurri du ondoren.
"Indarkeriaren gaitzespenak eta biktimenganako elkartasunak batzen gaitu gaur. Zarauzko Udala, erakunde honetako alderdi politikoren bat edo hemengo ordezkariak familiarekin egon ez bada edo hala izan dela sentitu baduzue, barkamena eskatzen dizuegu", azpimarratu du.
Ekitaldian Iruretagoienaren senideak egon dira, Maria Jose Imaz alarguna eta semeak, besteak beste. Familiarentzat une "oso gogorra" dela esan du Imazek, "baina Jose Ignaciok omenaldi hau merezi zuen eta horregatik gaude hemen".
"Eskerrik asko etorri zareten guztioi, baina bereziki 20 urteotan gure alboan egunero egon zaretenoi", nabarmendu du.
Udal ordezkariez gain, agintari politikoak eta euskal erakundeetako ordezkariak ere izan dira omenaldian.
Bestalde, Mikel Goenaga Zarauzko EH Bilduren bozeramaileak esan duenez, alderdi politikoen artean "oraindik lan asko dago egiteko, adostasun zabal bat lortzeko".
Alabaina, koalizio subiranista ekitaldian irakurritako testuaren zati handi batekin bat datorrela erantsi du.