Politika -
Kontrolerako saioa
Ertzainek euskaraz ez jakitea ETAri egotzi dio Beltran de Herediak
Sailburuaren adierazpenen aurrean kexaka hasi den Unai Urruzuno (EH Bildu) kanporatu egin du Legebiltzarreko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aitortu duenez, gaur egun "zaila da" ertzain guztiek euskaraz jakitea. Izan ere, gogorarazi duenez, "duela ez hainbeste, ertzainek ezin zuten askatasunez euskaltegira joan euren ordu libreetan", eta, hori dela eta, horren ustez, "beharrezkoa da azaltzea, batez ere gazteenei, nondik gatozen eta zenbat irabazi dugun bakearekin".
Eusko Legebiltzarrean kontrolerako saioa dute gaur, eta bertan egin ditu adierazpenak Beltran de Herediak, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen galdera bati erantzunez. Uberak bere itaunean azaldu duenez, Lekeitioko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasle eta irakasle batzuek kexa aurkeztu zuten Legebiltzarrera egindako bisita batean sarreran zegoen ertzainak gaztelaniaz egiteko eskatu zielako.
Segurtasun Saileko buruaren arabera, egoera horretan "alde biak senti daitezke deseroso, sentimenduak errespetagarriak direlako". Dena dela, ikasle horiei "ertzain horren lekuan jartzeko" eskatu die, "ahal duten neurrian".
Izan ere, sailburuak aitortu duenez, "gaur-gaurkoz zaila da Ertzaintzaren zerbitzu guztiek euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea. Beharrezkoa da azaltzea, batez ere gazteenei, nondik gatozen eta zenbat irabazi dugun bakearekin. Azaldu beharra dago duela ez hainbeste ertzainek ezin zutela askatasunez euskaltegira joan euren ordu libreetan. Azaldu beharra dago zer dela eta gertatu da hori".
"Besteen lekuan jartzea" eskatu du sailburuak
Beltran de Herediak uste du asko direla "gaur egun bere garaian posible izan ez zuten eta orain euskara ikasteko esfortzua egiten ari diren ertzainak", eta "Ertzaintzan orain sartzen direnen ia % 100 elebidunak dira", nabarmendu du. Horren iritzian, "Ertzaintzan lan egitea aukera profesional ona dela zabaldu behar da".
Hala, iragarri duenez, bost urte barru ertzainen % 50ek lehen hizkuntz eskakizuna izango dute. "Zailtasunak zailtasun, helburu hori lortzeko lanean jarraituko dugu. Ibilbide luzea dugu aurretik", erantsi du.
Beltran de Herediaren aburuz, "besteen lekuan jartzeak errealitatea hobeto ulertzen laguntzen du".
Ateratzerakoan Segurtasun sailburuari zuzendu zaio Urruzuno. Argazkia: EFE
EH Bildu, kexu
Sailburuaren adierazpenek haserrea eragin dute EH Bilduko legebiltzarkideen artean, eta Beltran de Herediaren hitzak "lotsagarriak" direla esan du Unai Urruzunok.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak isiltzeko eskatu dio EH Bilduko kideari, eta hainbat abisu eman ostean, ganberatik kanporatu du. Legebiltzarretik atera baino lehen, sailburuari zuzendu zaio Urruzuno, eta erabilitako argudioak euskaldunentzat "umiliagarriak" direla esan dio.
Bestalde, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, "Administrazioak herritar guztien eskubideak bermatu behar ditu, eta zerbitzua euskaraz eskaini beharko du. Ertzaintza administrazioaren parte denez, berak ere berdin-berdin bermatuko beharko lituzke eskubideok".
Urruzuno kanporatu ostean bidalitako ohar batean, "ohiko partzialtasuna" erakustea leporatu dio EH Bilduk Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari. Izan ere, koalizioaren aburuz, Tejeriak "ez du EH Bildurekin gainerako taldeei aplikatzen dien neurri bera erabiltzen".
Salatu dutenez, "Tejeriak ez inor kanporatzen EH Bilduko legebiltzarkideei irain larriak bota eta delitu larriak egozten zaizkienean, hori haren normaltasun parlamentarioaren barruan sartzen omen delako".