Politika -

Epaiketa

SPRIko goi kargudunei espiatu izana aitortu du Zubiaurrek

Fiskalak 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Ibarretxeren garaian Sprilur enpresa publikoko zuzendari izan zen Antton Zubiaurrerentzat, espioitza delitua egotzita.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antton Zubiaurrek, Juan Jose Ibarretxeren garaian Sprilur enpresa publikoko zuzendari izan zena, Patxi Lopezen garaian SPRIko goi kargudun baten posta elektronikoan sartu eta espioitza informatikoa egin izana onartu du.

Pedro G.P. goi kargudunaren mezu elektronikoak irakurri zituen, hain zuzen ere, Sprilur Eusko Jaurlaritzako eraikuntza industrialerako lurzoruen sustapeneko sozietate publikoan lan kontratazioak eta hirigintzako izapideak egiten zituenarenak.

Gaur hasi da Bilboko 5. Zigor Arloko epaitegian Zubiaurre auziko epaiketa, eta Antton Zubiaurre eta Iñaki U. Sprilurreko langilea eseri dira akusatuen aulkian.

Zubiaurrek bideokonferentzia bidez deklaratu du, mediku arrazoiak tarteko. Antton Zubiaurrek espioitza delitua aitortu du eta posta elektronikoko pasahitzak beste akusatuari bidali zizkiola gaineratu du, nahiz eta ez duen argitu zergatik zelatatuen zuen haren posta elektronikoa.

Iñaki U. akusatuak ukatu egin du espioi lanetan aritu zenik eta Zubiaurrek pasahitzik bidali zionik. Bestalde, aldi batean norbait Pedro G.P. goi kargudunaren posta elektronikora bere etxetik sartu zela frogatu bada ere, Zubiaurrek esan du berak ez zuela horrelakorik egin eta norbaitek hori manipulatuko zuela iradoki du.

Fiskalak espioitza informatikoa egitea leporatzen die bi akusatuei. Hori dela eta, fiskalak 18 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Zubiaurrerentzat eta bederatzi hilabetekoa bestearentzat.

Fiskaltzak aditzera eman duenez, Zubiaurre "behin eta berriz" sartu zen SPRIko goi-kargudunen mezu elektronikoetan, "intimitatean sartzeko asmoarekin". Gainera, "laneko arrazoiak direla medio, ezagutzen zituzten pasahitzak erabiliz egin zuten", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak