Politika -
ETB Nafarroan
ETB Nafarroan ikusi ahal izango da berriro irailaren 22tik aurrera
Foru Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu zuten uztailaren 15ean EiTBren zerbitzuak Nafarroa osoan eskaintzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETB Nafarroan ikusi ahal izango da berriro irailaren 22tik aurrera, Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) bitartez, Nafarroako Foru Gobernuak gaur jakinarazi duenez.
Gaurko gobernu bileran, Nafarroako Foru Gobernuak Lurreko Telebista Digitalari erreserbatutako hainbat kanaletan aldaketak egitea adostu du. Vaughan Radio SL-k autonomia mailako lizentziari uko egiten ziola iragarri zuen abuztuan eta horrek telebista kanalen antolaketan aldaketak eragin ditu.
Horrenbestez, ETB 2 multiplex lokaletan ikusi ahal izango da ia Nafarroa osoan eta ETB 1, berriz, multiplex autonomikoaren bitartez.
Telebista kateen berrantolaketa aintzat hartuta, ETB 1 26. kanalean ikusi ahal izango da eta ETB 2 eta ETB 3, ostera, tokian-tokian kanal ezberdin batean izango da ikusgai: Iruñeko mugapenean, 38. kanalean (ETB 2); Tafallakoan, 31. kanalean (ETB2 eta ETB 3); Lizarrakoan, 24. kanalean (ETB 2, ETB 3); Zangozakoan, 45. kanalean (ETB 2, ETB3); eta Tuterakoan, 39. kanalean (ETB 2, ETB3).