Politika -

ETB Nafarroan

ETBk emanaldiak eten egin ditu Nafarroan

Espainiako Gobernuak eskatutakoa ez betetzeak ekar zitzakeen ondorioak saihesteko, EiTBko teknikariek itzali egin dute Erreniega, Ezkaba eta Joareko instalazioen bidez zabaltzen zen ETBren seinalea.

EiTBko teknikariak ETBren seinalea itzaltzen. Argazkia: EiTB
EiTBko teknikariak ETBren seinalea itzaltzen. Argazkia: EiTB
Goizeko 10:00etan itzali dute ETBren seinalea Nafarroan

1:25

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETBk bere emanaldi digitalak eten ditu Nafarroan gaur, 10:00etan. EiTBren eta Itelazpiren aurka Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren Telekomunikazioetarako Estatu Idazkaritzak hasitako zehapen-espedienteek eragin dute emanaldiak etetea. Hain zuzen, Ministerioak datorren astean enpresa horietako langileen agerraldia eskatu zuen, ikuskaritzako langileek ekipoak edo instalazioak zigila zitzaten.

Espainiako Gobernuak eskatutakoa ez betetzeak ekar zitzakeen ondorioak saihesteko, EiTBko teknikariek itzali egin dute Erreniega, Ezkaba eta Joar mendietako instalazioen bidez zabaltzen zen ETBren seinalea.

EiTBk tamalgarritzat jotzen ditu Euskal Telebistaren emanaldiak itzaltzeak nafarrei eragingo dizkien kalteak, hemendik aurrera ez baitute jasoko ETBren emisiorik ez Iruñerrian ez Nafarroako beste eskualde batzuetan.

EiTBren aburuz, Nafarroako Foru Erkidegoan ETBren emisioak eteteak nafarren oinarrizko eskubideei eragingo die, aurrerantzean ezingo baitituzte ikusi Euskal Autonomia Erkidegoko telebista autonomikoak eskaintzen dituen albistegiak.

Halaber, telebistaren emisioak itzaltzearen ondorioz, ez dute izango edozein gizarte demokratikoren ezaugarri den aniztasun informatiborako aukerarik. ETB1 eta ETB3ren bidez zabaldutako euskarazko emanaldiak eta heldu eta haurrentzako programazioa ere ezingo dute ikusi. Aniztasun horrek luzaroan gizarte kohesioaren alde egin du, Nafarroako gizartearen hizkuntza, pentsamolde eta kultura dibertsitatea errespetatuz.

Nafarroan, Euskal Telebistaren programazioaren eta albistegien edukiak erreferente bihurtu dira herritarren zati handi batentzat, eta bere egiten dituzte, Nafarroako errealitatetik hurbil daudelako.

Aurrerapen teknologikoei esker mundu guztiko telebisten seinaleak eskueran dauden garai hauetan, nafarrek ezingo dute ETBren emisioa ikusi, horren albistegi eta saioek Foru Erkidegoan ere ikusleen babesa izan duten arren.

EiTBk Nafarroako Gobernuarekin lanean jarraitzeko gogoa azaldu du beste behin, Nafarroako Foru Erkidegoan bere seinalea behin betiko digitalizatzea lortzeko, betiere bilakaera teknologikoak dakartzan aukerak baliatuta eta indarrean dagoen araudiaren barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Telebista publikoa berriak Telebista Gaurko azken orduko albistea Telebistako Programazioa Euskal Telebista emisioak