Politika -
EiTB
Jaurlaritzak Maite Iturberen jokabidea babestu du
Urkulluren Gobernuak gogora ekarri du EiTBko Administrazio Kontseiluak enplegu deialdi publikoa onartu zuela eta, beraz, adostutako erabakia izan zela.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak bere errespetua adierazi du, gaur, Eusko Legebiltzarrak Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiari buruz hartutako erabakiarekiko. Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Maite Iturbe "berehalakoan kargugabetzea" eskatu du ostegun honetan, oposizioko talde guztien aldeko botoekin. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak EiTBko zuzendari nagusiaren jokabidea babestu du.
Eusko Legebiltzarreko oposizioko talde guztiek bat egin dute Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia "berehalakoan kargugabetzea" eskatzeko, bere "kudeaketa txarragatik" eta EiTBn aurrera eramandako "lan-erregulazioko txostenarengatik". EAJ izan da Maite Iturberen kargugabetzea babestu ez duen alderdi bakarra.
Ohar batean, Eusko Jaurlaritzak gogoratu du EiTBko Administrazio Kontseiluak enplegu deialdi publikoaren deialdia onartu zuela apirilaren 29an eta talde parlamentario guztiek dutela ordezkaritza administrazio kontseilu horretan. Ildo horretan, gaineratu du Kontseiluaren % 70ak babestu zuela eta aurkako bi bozka bakarrik izan zirela.
Beraz, Euskal Irrati Telebistak gauzatu duena, adostutako eta EiTBko Administrazio Kontseiluak onartutako erabakia izan dela azpimarratu du. "Hori da materia honetarako gobernu organoa eta erabakiak onartu eta atzera bota ditzake. Hala dio EiTBren sorrera Legeko 8. artikuluak, zeinaren arabera, Administrazio Kontseiluari dagokio lanpostuen egonkortzeari eta lantaldeen aldaketei buruzko erabakiak hartzea", gaineratu du.
Egoera horren aurrean, talde parlamentarioek Administrazio Kontseiluaren baitan erabaki berri bat adosteko aukera daukate, baita gizarte ordezkariekin eta sindikatuekin ere. "Bien bitartean, EiTBko zuzendari nagusiak ezin du bere Kontseiluak onartutakoaren kontrako erabakirik hartu", amaitu du.