Politika -

EiTB

EiTBren zuzendari nagusia 'kargugabetzea' eskatu du Legebiltzarrak

EAJ ez beste alderdiek Maite Iturbe kargutik kentzearen alde egin dute.

Mikel Unzalu PSEko legebiltzarkideak Iturbe kargugabetzea eskatu du. EiTB
Oposizioak Maite Iturberen dimisioa eskatu du

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia "berehalakoan kargugabetzea" eskatu du ostegun honetan, oposizioko talde guztien aldeko botoekin.

PSE-EEk egindako proposamen baten harira egin dute eztabaida Gasteizko Ganberan. Sozialistek UPyDrekin adostutako testu batean, Iturberen kargugabetzea eskatu dute "erakundean kudeaketa txarra" egin duela eta "elkarrizketa soziala abiatu gabe zerbitzu publikoan lan erregulaziorako espedientea bultzatu" duela argudiatuta.

Osoko Bilkuraren eztabaidan iragarri bezala, EH Bilduk eta Alderdi Popularrak PSE-EEren eta UPyDren eskaera babestu dute. EAJk, berriz, kontra bozkatu du. Dena den, eskaerak ez du ondorio praktikorik izango; izan ere, kargugabetze eskaria Eusko Jaurlaritzak edo EiTBko Administrazio Kontseiluak soilik egin dezakete eta, balizko eskaeraren ondotik, Eusko Legebiltzarreko gehiengo absolutuak berretsi beharko luke.

Eusko Irratian deitutako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) gainditu ez duten langile mugagabeen "kaleratze kolektiboa" aipatu du testuak.

Javier Salcedo EiTBko Giza Baliabideen zuzendaria ere kargutik kentzeko eskatu dute taldeek.

Oposizioak babestu duen proposamenean, Eusko Irratiko lan erregulaziorako espedientea erretiratzeko deia egin dio EiTBko Zuzendaritzari. "Legeak ezarritako zerbitzu publikoa eskaintzeko beharrezkoak diren giza baliabideen inguruko azterketa" egiteko ere eskatu dio erakundearen buruei.

Testuaren beste zati batean, "langileak babesik gabe uzten dituen Espainiako Gobernuaren lan erreforma bidegabea" salatu dute. Puntu horren kontra bozkatu du, hain zuzen ere, Alderdi Popularrak.

Taldeen jarrera

Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkidea izan da testua defendatzeko arduraduna. Horren ustez, EiTBko zuzendari nagusiak "ezin du karguan jarraitu. Bi urte hauetan, gatazka baino ez du eragin, eta sindikatuen, ikus-entzuleen eta legebiltzar honen konfiantza galdu du".

Bozeramaile sozialistak ohartarazi duenez, Eusko Irratiko lan erregularizazioko espedienteak "kolokan jarri du lehendakariaren hitza, EiTBn enplegu publikoari eutsiko ziotela esan baitzuen".

Unzaluren atzetik, Nerea Llanos PPko bozeramaileak hartu du hitza eta, Andoni Ortuzar EiTBn "kontratu irregularrak" egitearen erantzule egin du, jeltzalea EiTBko zuzendari nagusi zen garaian. Halaber, orain langilei kaltedunak horrek "erantzule" egin nahi izana gaitzetsi du.

Halaber, EiTB posizio nazionalistetatik geroz eta gertuago dagoela baieztatu du.

Luke Uribe-Etxeberria EAJko legebiltzarkideak adierazi duenez, kaleratze kolektiboen prozesua "berehalakoan eta ezustean gertatutako gertaera baten ondorio da, enplegu deialdi publikoa modu egokian amaitzeko lan erregulazioko txosten bat erabiltzea inplikatzen duena".

Ildo horretan, legebiltzarkide jeltzaleak azaldu du Auzitegi Gorenak doktrina aldatu zuela udan eta enplegu deialdi publiko batean lanpostua eskuratu ez duten langile mugagabe ez-finkoei kalte-ordaina eman behar zaiela ezarri zuela.

Bestalde, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak ohartarazi du haren alderdiak urteak daramatzala EiTB guztiaren "mehetzea" eskatuz, "baina horrek ez du esan nahi kaleratzeak babestuko ditugunik".

Edozein kasutan, azpimarratu du Iturberen dimisioa eskatzeko bere arrazoi nagusia "EiTB EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura" dagoela.

Tribunara igotzen azkena Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramailea izan da eta Eusko Irratiko lanpostu guztiak mantentzea eskatu du, harik eta irratietako egiturazko lantaldea negoziatu bitartean. Gainera, eztabaida hori lehenbailehen abiatzea eskatu du.

Legebiltzarkide abertzaleak bere babesa eskaini dio enplegu deialdi publikoari, baina lan-erregulazioko txostena baztertu du "ulertezina dirudielako gaur ERE bat sinatu eta bihar lantaldea handitzeko negoziazioak hastea".

Eusko Irratiko langileek protesta egin dute Legebiltzarraren atarian

Eusko Legebiltzar barruan eztabaidan ari ziren bitartean, Eusko Irratiko langileek elkarretaratzea egin dute kanpoaldean.

Protesta Radio Euskadi EITB

Eusko Irratiko langileek elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren atarian. Argazkia: EiTB

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra albisteak