Politika -

Sareren balorazioa

Sarek herritar gehiago erakarri nahi ditu, sakabanaketarekin amaitzeko

Bilboko manifestazioaren gaineko balorazio baikorra egin du Sarek eta jendetsua eta anitza izan zela azpimarratu du. Orain, salbuespenezko politika horrekin amaitzeko beharra azpimarratu du.

Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak. Argazkia: EiTB
Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak. Argazkia: EiTB
Sareko kideak oso pozik daude manifestazioak izan zuen erantzunarekin

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare euskal presoen eskubideen aldeko herri plataformak larunbateko Bilboko manifestazioaren balorazio baikorra egin du.

Deitzaileek azpimarratu dute mobilizazio jendetsua eta anitza izan zela, baina sakabanaketarekin amaitzeko, pauso berriak emateko beharra adierazi dute. Hala, atzo Bilbon izan ez zirenak erakartzen ahaleginduko direla esan dute, herritarren gehiengoak sakabanaketa politikarekin kontra egin dezan.

Bilboko udaletxeko eskaileretan egindako ekitaldian, mobilizazioarekin helburuak bete dituztela azaldu dute Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabal Sareko bozeramaileek. "Manifestazioa, gizalegez eta modu demokratikoan, bakearen eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko hartutako konpromisoaren erakustaldia izan da", adierazi dute. Ildo horretan, azpimarratu dute ideologia ezberdinetako 75.000-80.000 lagunek parte hartu zutela.

"Ideologia ezberdinetako pertsonak elkarrekin ibiltzen ikustea, elkarbizitzaren aldeko konpromisoak bat eginda, Sarek duen helburuetako bat da", adierazi dute. Aurrerantzean, sarea ehuntzen jarraituko dutela azpimarratu dute.

Presoen, erbesteratuen eta deportatuen eta horien senideen giza eskubideak errespetatzeko eskaera berretsi dute. "Orain, salbuespenezko politika horren amaiera lortu behar da. Gizartearen gehiengoak hala eskatzen du", gaineratu dute.

Edozein modutan, sakabanaketarekin amaitzeko bidea "konplexua eta zaila" izango dela aitortu dute; "sufrimendua, gatazka eta konfrontazioa betikotu bahi duten pertsonak daudelako".

Azkenik, dispertsio politikarekin amaitzeko, batasunerako deia egin dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak