Politika -
Biografia
Hasier Arraiz, Batasuna legez kanpo utzi zuten hamarkadako semea
Sortuko lehen presidente izendatu dute gasteiztarra. Jarrai elkartean hasi zuen ibilbide politikoa. Halaber, azken hamar urteetan buruzagi ardurak izan ditu Batasunan.
Erredakzioa
Frankismoa ezagutu ez duen lehen belaunaldi independentistaren kidea da Hasier Arraiz Barbadillo (Gasteiz, 1973). Sortuko lehen presidente bihurtu da, azken urteetan ezker abertzalean klandestinitatean aritu ostean.
Azken hamarkadan erantzukizun handiak izan ditu Batasunean, eta ezker abertzaleko hainbat bozeramaileekin azaldu da ekitaldi publikoetan, Arnaldo Otegirekin, besteak beste.
Jarrai
Arraizek Filologia Erromanikoko ikasketak egin zituen Gasteizen. Bere ibilbide politikoa Jarrai ezker abertzaleko gazteen elkartean hasi zuen. Gainera, Jarrairen arduraduna izan zen Araban.
90ko hamarkadan "gaztetxearen" ekitaldietan eta mugimendu antimilitaristetan parte hartu zuen. 1995. urtean intsumiso militarra deklaratu zuen bere burua. Horren ondorioz, bi urte eta lau hilabeteko espetxealdia ezarri zioten 1997. urtean. Urtebete beranduago, Ministroen Kontseiluak indultoa eman zion.
Urte haietan Hala Bedi irrati-katean eta "Egin" kazetako "Gaztegin" eranskinean parte hartu zuen. Halaber, 1998an eta 2001ean Euskal Herritarrok alderdiko hautagai izan zen, baina ez zuen Eusko Legebiltzarrean eserlekurik lortu.
Garai hartan, Hasier Arraiz Herri Batasuna alderdiko arduraduna zen Araban, eta buruzagi izaten jarraitu zuen Batasuna sortu zenean.
10 urteko espetxe-zigorra
2007ko urriaren 4ean Mahai Nazionaleko bilera batean zegoela, Gipuzkoako Segura udalerrian, Polizia bertan azaldu zen eta Batasunako buruzagi guztiak atxilotu zituen. Baltasar Garzonek gidatutako sumarioagatik, ETAn integratuta egotea leporatuta, Fiskaltzak 10 urteko espetxe-zigorra eskatu ditu Arraizentzat.
Seguran atxilotu ostean, bi urteko behin-behineko espetxealdia bete zuen Arraizek Leon, Madril eta Ciudad Realeko kartzeletan. Behin aske egonda, ezker abertzaleko politikan protagonismoa berreskuratu du Arraizek. 2012an EH Bilduko hautagaia izan zen Araban, eta oraingoan bai, legebiltzarkide izendatu zuten.