Politika -
Biografia
Profila: Mikel Agirre, EiTBn ibilbide luzea egin duen profesionala
EiTBko zuzendari nagusi berria 1984. urtean sartu zen erakunde publikoan. Soslai teknikoa du, eta orain arte Esplotazio eta Ingeniaritza zuzendari izan da.
Erredakzioa
Mikel Agirre Azurmendi (Anberes, Belgika, 1955) EiTBko zuzendari nagusi berriak ibilbide profesional luzea egin du erakunde publikoan. Izan ere, 1984. urtean sartu zen bertan, hots, EiTB sortu eta urtebetera.
Aldez aurretik, Agirrek goi-karguak izan ditu EiTBn, EAJren zein PSE-EEren gobernuekin. Azken legegintzaldian, Alberto Suriok Esplotazio eta Ingeniaritza zuzendari karguan mantendu zuen.
EiTBren arlo teknikoko buru izanda, erakunde publikoak 2007. urtean egin zuen modernizazio eta digitalizazio prozesua eta Bilboko eta Gasteizko egoitza berrien proiektuak gidatu zituen.
Agirrek enpresa ikasketak egin zituen Bruselan, eta EiTBn 1984. urtean sartu zen, ETBko ekoizle gisa. Plaza lortu zuen, produkzio-profesionalentzat deitutako lehen oposizioan. Harrezkero, harreman profesionalak izan ditu Euskadiko, Espainiako eta Europako ikus-entzunezkoen sektoreekin, batik bat Europako Irrati Hedapeneko Batasunaren (UER) esparruan.
Hiru urteren ostean, 1987.ean, Albiste eta Kirol Saioetako Produkzio buru izendatu zuten, eta 12 urte eman zituen karguan, 1999.ean Esplotazio eta Ingeniaritza zuzendari egin zuten arte.
Gaur egun, Vicomtech teknologia zentroko kide fundatzaile eta FORTAren Batzorde Teknikoko, Eiken kluster teknologikoko eta Industria Ministerioaren TDT elkarguneko kide ere bada.
Aldez aurretik, Itelazpi enpresa publikoaren (Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazio azpiegiturak kudeatzen ditu) sorreran parte hartu zuen, eta horren Administrazio Kontseiluko kide izan da.
Gurasoek erbesteratu behar izan zutelako jaio zen Mikel Agirre Belgikan. Gorka Agirre EAJko kide historiko zenaren anaia eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren iloba da.