Mundua -

Ikerketa

Polizia tunisiar baten bila ari da Berlingo atentatuarekin lotuta

Alemaniako Fiskaltzak ustezko erasotzailea atxilotzeko informazioaren truke 100.000 euroko saria eskaini du.

Kamioia gidatzen zuen pertsonaren bila ari da Polizia. Argazkia: EFE
Polizia 24 urteko tunisiar baten bila ari da Berlingo erasoa dela eta

1:58

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Polizia 21 urteko Tunisiako gizon baten bila ari da Berlingo atentatuarekin lotura izan dezakeelakoan, bertako hedabideek argitaratutako informazioaren arabera. Asteleheneko erasoan 12 pertsona hil eta 50 inguru zauritu ziren.

Allgemeinen Zeitung egunkariak adierazi duenez, ikertzaileek 21 urteko tunisiar baten behin-behineko bizileku baimena aurkitu dute atentatua egiteko erabilitako kamioiaren kabinan.

Hedabide horren esanetan, Polizia Anis Amri izeneko gaztearen bila ari da, nahiz eta beste hiru izenekin ere erregistratuta ere badagoen.

Tolerantzia dokumentua izenez ezaguna den behin-behineko bizileku baimena Ipar Renania-Westfalia eskualdeko Kreis Kleve barrutian eman zioten gazte tunisiarrari. Kanporatzeko agindua eteten dieten pertsonei ematen dieten dokumentua da.

Bestalde, Berliner Zeitung egunkariak dioenez, kamioian aurkitutako dokumentuan Ahmed A. izena ageri bada ere, agintariek beste bi modutara ere erregistratuta dute gizona: Anis A. —23 urte— eta Mohamed H. —25 urte—. Egunkari horrek zabaldutako informazioaren arabera, Poliziak arriskutsua dela uste du eta aurrekariak ditu lapurretagatik eta lesioak eragiteagatik.

(Alemaniako Fiskaltzak Anis Amriren argazkiak zabaldu ditu, erasotzailea delakoan. EFE)

Saria eskaini dute, susmagarria atxilotzeko informazioaren truke

Bestalde, Alemaniako Fiskaltzak eta Poliziak Anis Amri ustezko erasotzailea atxilotzeko informazioaren truke 100.000 euroko saria eskaini dute.

"Bilatzen ari garen gizonezkoa ikusiz gero, Poliziari abisatu. Ez zaitezte arriskuan jarri, armatuta egon daiteke eta", adierazi dute oharrean.

Agintariek emandako informazioaren arabera, Anis Amrik 1,78 metro eta 75 kilo ditu, ile beltza eta begi marroiak; eta lepoan eta sudurrean marka bana ditu.

Susmagarriaren bi argazki zabaldu dituzte, biak nahiko ezberdinak. Lehendabizikoa Berlingo erasoan erabilitako kamioian topatutakoa da eta ile laburrarekin eta betaurrekoekin ageri da. Bigarren argazkian, berriz, ile luzeagoa eta kizkurra dauka eta betaurrekorik gabe dago.

Bien bitartean, atzo aske utzi zuten Berlingo erasoaren egilea zelakoan atxilotu zuten gizonezkoa. Izan ere, ikerketak erakutsi du ez dagoela oinarri sendorik erasotzailea bera izan zela esateko.

Halaber, Peter Franck fiskal nagusiak esan zuen ez dutela baztertzen erasotzaile bat baino gehiago egotea. Gainera, Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen atentatuaren ardura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Alemania bideoak Atentatuak argazkiak Estatu islamiarra berriak Eguneko albisteak