Mundua -

Grezia

Tsiprasek dimisioa eman eta hauteskundeak aurreratzea proposatu du

"Urtarrilaren 25eko agintaldia bukatu da. Orain, herriak du hitza", esan du. "Kontzientzia garbi daukat", gaineratu du. Litekeena da irailaren 20an egitea hauteskundeak.

Tsiprasek dimisioa eman eta hauteskundeak iragarri ditu Grezian

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak dimisioa eman eta hauteskundeak aurreratzea proposatu du. Litekeena da irailaren 20an izatea hitzordua.

"Urtarrilaren 25eko agintaldia bukatu da. Orain herriak du hitza. Zuek zuen botoarekin erabakiko duzue ongi ala gaizki negoziatu dugun'', esan du Tsiprasek telebista publikoan egin duen adierazpen instituzionalean.

Syrizako buruak esan duenez, hartzekodunekin lortutako akordioa ez da onena izan, ezta berak nahi zuena ere, baina azpimarratu du zenbait gauza lortu dituztela; tartean, zorra berregituratzea. "Kontzientzia garbi daukat, eta harro nago egin dugun borrokaz", adierazi du.

"Jakin badakit ez dugula lortu herriari agindu genion guztia, baina Grezia salbatzea lortu dugu", gaineratu du. "Europari mezu hau helarazi diogu: hersturarekin bukatu behar dugu", azaldu du.

Europan, negoziazioetan, "aurkako indarren korrelazio baten aurrean", ahal izan zuen guztia egin zuela nabarmendu du Tsiprasek. Orain, adostutakoa bete behar dela esan du Greziako lehen ministroak, baina horren "ondorio negatiboak murrizteko" lan egingo duela aurreratu du, eta "etorkizunean independentzia berreskuratzeko" borrokatuko dela erantsi du.

Estatu mailan bere gobernuak egindako lana ere defendatu du Tsiprasek agerraldian ("neurri progresistak abiatu ditugu", adierazi du), eta oraindik ere aurretik bataila gogorrak dituztela gaineratu du, "ustelkeriaren kontrako borrokan, politikaren itzalaren kontra eta zerga sistema bidezko bat lortzeko", bereziki.

"Baina bataila horiek irabazteko, gobernu egonkorra behar dugu, gobernu sendoa", esan du, eta greziarrei konfiantza eskatu die berriz ere, Grezian "benetako aldaketak" egin nahi dituelako.

Data

Tsiprasek ez du hauteskundeen dataren inguruan ezer esan, baina Gobernuko iturriek aurreratu dutenez, litekeena da irailaren 20an izatea hitzordua.

Syrizako buruak ostegun honetan bertan eman dio dimisioa Prokopis Pavlopoulos Greziako presidenteari, eta hauteskundeak lehenbailehen deitzea eskatu dio.

Zatiketa Syrizan

Dimisioa emateko erabakia bere gertukoenekin egindako bilera batean hartu omen du Greziako lehen ministroak, Syriza (bere alderdia) zatituta dagoen une honetan, eta gaur bertan EBZri ordainketa egin ostean. Hirugarren erreskatearen lehen atala jaso eta berehala egin du Atenasek ordainketa.

Tsiprasek zazpi hilabete eskas egin ditu Gobernuan, urtarrilaren 25eko hauteskundeak irabazi ostean.

Demokrazia Berria alderdia gobernua osatzen saiatuko da, hauteskundeak ekiditeko

Vangelis Meimarakis Demokrazia Berri oposizioko alderdi nagusiko buruak aurreratu duenez, beste talde batzuekin gobernua osatzen saiatuko da, hauteskundeak ekiditeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grezia