Mundua -
Dozenaka atxilotu
Renzik erreformen aurkako greba errespetatu du, baina 'ez du harritu'
Lan Erreforma berriak -kaleratzeak erraztea ahalbidetuko du- eta datorren urteko aurrekontuak izan dira greba orokorra deitzeko eragileak, sindikatuentzat.
Erredakzioa
Matteo Renzi Italiako lehen ministroak adierazi duenez, protesta egiten ari direnak “errespetatu” egiten ditu, baina ez dago “harrituta” sindikatu nagusiek ostiralean Gobernuaren azken neurrien kontra deitutako greba dela eta.
Ministroen Batzarraren ondoren egindako prentsaurrekoan, Renzik sindikatuekin lan egiteko prestutasuna azaldu du, baina, edonola ere, erreformak egin, egingo dituela, ziurtatu du.
“Beti bezala, errespetu handia diet egun bateko soldata ordaindu dutenei Gobernuari kritika egiteko. Ez naiz erraz harritzen den horietakoa”, baieztatu duenez.
Gainera, Renziren esanetan, “aldatu beharreko herrialde bat dago, eta aldatu egingo dugu. Ez naute harritu. Burua gora jarraitzen dugu Italia salbatzeko har daitekeen norabide bakarrean”.
Italian, Cgil eta Uil sindikatu nagusiek deitutako greba orokorra egin zuten, Lan Erreforma berriaren -kaleratzeak erraztea ahalbidetuko du- eta datorren urteko Aurrekontu Orokorren kontra.
“Horrela ezin liteke” lelopean, manifestazioak egin zituzten herrialdeko 54 hiritan, eta horietako batzuetan istilu larriak izan ziren, esaterako, Turinen -9 atxilotu- eta Milanen -11 zauritu-.