Mundua -
Estatu Islamikoa
Bruselako alkateak dio mehatxu terrorista 'egiazkoa' dela
Mayeurrek horixe adierazi du Belgikak AEB buru duen koalizioarekin bat egin eta Estatu Islamikoaren kontra gerra-hegazkinak bidaltzea erabaki eta biharamunean.
Erredakzioa
Yvan Mayeur Bruselako alkateak esan du muturreko islamisten mehatxu terrorista "egiazkoa" dela hirian, eta arriskuari aurre egiteko "adi" egoteko deia egin du.
"Mehatxua ez da birtuala, zehatza da, egiazkoa", adierazi du alkateak RTL irrati-katearen saio batean, Brusela terroristen jomugan dagoela berretsi aurretik.
Belgikako Gobernuak AEB buru duen koalizioarekin bat egin eta Estatu Islamikoaren kontra gerra hegazkinak bidaltzea erabaki eta biharamunean egin ditu Mayeurrek adierazpen horiek. Sei F-16 gerra-hegazkin bidaltzeko asmoa du Gobernuak, baina Parlamentuak onartu behar du lehenik.
"Dagoeneko izan dugu atentatu larri bat Juduen Museoan, Bruselan", gogorarazi du alkateak, lau pertsonaren hilketa eragin zuen atentatua gogora ekarrita.
Bart, gainera, ustezko jihadista bat atxilotu dute Charleroiko aireportuan. Greziatik zetorren eta Eskandinaviara bidean zihoan, abuztuan atxilotu zuten beste ustezko jihadista baten moduan, eta pasaporte faltsua zeraman.