Mundua -

BIOGRAFIA

Nelson Mandela: Bakearen ikurra

Hegoafrikan hauteskunde demokratikoen bidez hautatu zuten lehen presidentea izan da. 1993. urtean Bakearen Nobel saria jaso zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nelson Rolihlahla Mandela Mvezon (Hegoafrika) 1918ko uztailaren 18an jaio zen. Xhosa etniakoa da jatorriz, eta bere aitak izan zituen 13 seme-alabetako bat da. Haurtzaro lasaia izan zuen, bere herria bakean bizi zen garaiko istorioak entzuten.

Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egin, eta, azkenik, Zuzenbide ikasketak egin zituen, Witwatersrandeko Unibertsitatean (Johannesburgo). 1942. urtean, abokatu lanetan hasi zen, eta, gaztaroan, Afrikako Kongresu Nazionala (ANC) alderdiko kide egin zen; kanpaina eta protesta baketsuak egiten ziren orduan, arraza-bereizkeriarekin aurka. Hor hasi zen bere jardun politikoa.

Arraza bereizkeriaren (Hegoafrikan apartheid izenez ezaguna) kontra agertu da beti Mandela, eta, horren kontrako hainbat ekimenen bitartez, ospea hartuz joan zen. Garai hartan, Gobernuaren errepresioa bortitza zen: manifestazioetan, ohikoak ziren odola eta sufrimendua. Hori ikusirik, ekintza armatura jo zuen Mandelak.

Urtebete geroago, atxilotu egin zuten eta biziarteko espetxe zigorra ezarri zioten. Kartzelan 27 urte eman zituen, inongo eskubide barik: sei hilabetean bisita bat eta gutun bat jaso ahal zituen bakarrik. 1969an, Hegoafrikako zerbitzu sekretuak Mandelaren hilketa prestatu zuen: Mandela kartzelatik atera nahi zuten, berriz atxilotzeko unean tiro egiteko asmoarekin. Baina britainiar zerbitzuek plana bertan behera uztea lortu zuten.

Nahiz eta espetxeratuta egon, bere borroka ez zen bukatu. Nelson Mandelaren berri gero eta urrunago entzuten zen, eta gero eta indar handiagoz. Hegoafrikako liderrik garrantzitsuena zen.

1990. urtean, Frederik de Klerk orduko presidenteak aske utzi zuen Mandela. Biek batera negoziatu, eta apartheid arraza-bereizkeria indargabetu zuten. Horregatik, 1993. urtean Bakearen Nobel saria jaso zuten biok.

Lehenengo hauteskunde demokratikoak 1994. urtean izan ziren, eta Afrikako Kongresu Nazionalak (ANC) irabazi zituen, botoen % 63 lortuta. Hurrengo egunetan, Parlamentuak Nelson Mandela hautatu zuen Hegoafrikako presidente. Agintaldian, demokrazia ezartzea izan zuen xede bakar, biolentzia, arraza-bereizkeria eta injustizia pairatu zituen herrialdean. 1999. urtean, agintaldia bukatuta, ibilbide politikoa bukatutzat ematea erabaki zuen.

Oraindik Hegoafrikako kontuez arduratzen da; izan ere, iritzia eskatzen diote askok oraindik. Agintean zegoenean, “miraririk espero ez izatea” eskatu zuen, baina, askoren ustez, bera han egotea bazen mirari nahikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea