Gizartea -

HERRI URRATS

Seaskak lau irakasle gehiago bakarrik izango dituela berretsi du Frantziako Gobernuak

Herri Urratsen irekiera ekitaldian berretsi du kopurua Pierre Barriere Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak. Seaskak baina, 25 irakasle gehiago behar ditu ikasturte berriari ekiteko.

Pierre Barriere, Frantziako Gobernuko Hezkuntza Ministerioko ordezkaria. Argazkia: EiTB.
Pierre Barriere, Frantziako Gobernuko Hezkuntza Ministerioko ordezkaria. Argazkia: EiTB.
Milaka pertsonen babesa jaso dute Ipar Euskal Herriko ikastolek

1:51

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldarrikapenerako plaza handi bat bihurtu da gaur, inoiz baino gehiago, Herri Urrats, eta Seaskak azken hilabeteotan egin duen eskaria Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiaren erdigunean jarri dute.

Datorren ikasturtean Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako ikastolek 230 ikasle gehiago izango dituztela eta,  25 irakasle gehiago eskatzen dizkio Seaska elkarteak Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Azken horrek baina, lau besterik ez dizkiola emango berretsi du gaur ere.

Herri Urratsen irekiera ekitaldian izan da Pierre Barriere Frantziako Hezkuntza Ministerioaren ordezkaria Pirinio Atlantikoetan, eta orain arteko mezuari eutsi dio. Lehentasuna irakasleen formakuntza izango dela esan du.

Pierre Barriere  seaska herri urrats

Pierre Barriere seaska herri urrats

Herri Urratsen irekiera ekitaldia, Senperen.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak iragarri du mobilizazioei eutsiko dietela, eta gaur Herri Urratsen onartu den agiria datozen asteotan Ipar Euskal Herriko udal guztietara eramango dutela, Frantziako Gobernuari adostutako ituna bete dezala eskatzeko. "Gizartearen sustengua jaso genuen joan den ostiralean, eta gaur ere bai Herri Urratsen. Ondorengo asteetan hautetsiengana joko dugu babes bila. Gaur mozio bat atera da Herri Urratsen eta hori udal guztietara eramango dugu, Frantziako Ministerioari eskatuz bete dezala Seaskarekin duen hitzarmena", esan du Gorostiagak.

Elkarrizketarako prest daudela esan du Seaskako buruak, baina hitzarmenean jasotakotik abiatuta. "Parisetik ezin dira etorri erabakiak. Ikastolaz ikastola egoera aztertu, eta horren arabera etorri beharko da kopuruei buruzko erabakia", gaineratu du.

Ia 4.000 ikasle izango ditu ikasturte berrian Seaskak, % 6 gehiago. Igoera hori are nabarmenagoa izango da iaz ateak zabaldu zituen Etxepare Lizeoan. Frantziako Gobernuak irakasle gehiago aitortu ezean, ikasturtea hastea ezinezkoa izango zaiela esan dute, beste behin, Seaskako ordezkariek, gela batzuetan ia 40 ikasle izatera behartuta egongo direlako.

Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak kezka agertu du Frantziako Ministerioaren jarreraren aurrean, eta elkarrizketa mahaia osatzea eskatu du, ikastolen beharrei erantzuteko.

Milaka pertsona

Aldarrikapenak aldarrikapen, festarako abagunea ere bada Herri Urrats, eta, aurten ere, milaka eta milaka pertsona hurbildu dira Senperera, Ipar Euskal Herriko ikastolei babesa adieraztera.

Antolatzaileak oso pozik agertu dira egunaren amaieran, eguraldiak asko lagundu ez arren, jendetza batu delako.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Herri Urrats Iparraldea bideoak Frantzia albisteak Donibane Garazi bideoak Baionako bideoak Biarritz argazkiak Maule albisteak Hendaia bideoak Gizartea Zuberoa albisteak Lapurdiko azken ordua Nafarroa Behereko azken ordukoa Macronen Gobernua Irakasleen albisteak Iparraldearen Orena Hezkuntzako albisteak 2024