Gizartea -

Gipuzkoa

Gazte bat atxilotu dute Andoainen ISISen aldeko propaganda egitea egotzita

Gainera, atxilotuari -24 urte- jihadismoaren aldeko edukiak proselitismoa eginda zabaltzea eta gatazka guneetara bidaiak antolatzea, gudari moduan jarduteko, leporatu diote.

Andoaingo operazioaren argazkia. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Andoaingo operazioaren argazkia. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuko agenteek 24 urteko gizonezko marokoar bat atxilotu dute gaur, asteartea, Andoainen (Gipuzkoa) ISISen propaganda egituren "maila gorenean" harremanak izan, jihadismoaren aldeko egukiak proselitismoa eginda zabaltzea eta gatazka guneetara bidaiak antolatzea, soldadu gisa aritzeko, egotzita.

Barne Ministerioak ohar baten bidez zabaldu duenez, atxilotuak esparru birtualean jarduten zuen, eduki jihadista kontsumitzen eta zabaltzen, Facebook eta Youtube plataformetan. Atxilotuak Estatu Islamikoaren propaganda organoarekin zuen harremana dela eta, Siria eta Iraken jasotako ikus-entzunezko material asko zuen eskura.

Atxilotuak erradikalizazio prozesu aurreratuan zegoen -oharraren arabera- eta "gatazka guneetara joatea ere aurreikusi zuen DAESH talde terroristarekin bat egiteko". Izan ere, talde jihadisten edukiak zabaltzetik proselitismoa eta gatazka guneetara soldaduak eramateko erakartze lanak egitera pasatu zen, Barne Ministerio espainiarraren arabera.

Atxiloketaren ostean, Guardia Zibilak etxebizitza miatu du, Internet eta sare sozialetako jardueraren gaineko informazioa jasotzeko. Operazioa 6 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentralak eta Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak koordinatu dute.

Akusatuaren etxebizitzan miaketa egiteko, Andoaingo Karrika kaleko 4 zenbakian, gunea hesituta egon da eta, bertan, Guardia Zibilaren zazpi ibilgailu ikusi izan dira, gutxienez.

Guardia zibilek hainbat kutxa eta poltsa atera dituzte etxebizitzatik. Tedaxeko artezilariek txakurrekin etxea miatu dute.

14:00ak aldera atxilotua eraman du Guardia Zibilak. Susmagarria Alhucemasen (Maroko) jaio zen, baina Espainian bizi da. Eskuburdinak jarrita eta kaputxa batekin estalirik atera dute etxetik. Horrela, miaketa amaitutzat jo dute.

Barne Ministerioak zehaztu duenez, “sare sozialetan eta Interneten izandako jardueraren frogak biltzea zen miaketaren helburua; Espainian zein Estatutik kanpo hainbat pertsonarekin harremanetan baitzegoen”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Gizartea Estatu Islamikoa Jihadismoa Andoain Albisteak