Gizartea -

Aranbaltzako aztarnategia

Europako neandertalen egurrezko tresna bat aurkitu dute Barrikan

Duela 90.000 urte egindako lanabesa topatu dute arkeologoek. Guztiz ezohikoa den aurkikuntza da; izan ere, Europako beste bost tokitan bakarrik aurkitu dituzte antzekoak.

Neandertalek duela 90.000 bat urte egindako lanabesa. Argazkia: EFE
Neandertalek duela 90.000 bat urte egindako lanabesa. Argazkia: EFE
Neandertalek duela 90.000 bat urte egindako lanabesa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neandertalek duela 90.000 bat urte egindako egurrezko tresna bat aurkitu du arkeologo talde batek Aranbaltzako aztarnategian (Barrika, Bizkaia). Guztiz ezohikoa den aurkikuntza da; izan ere, Europako beste bost tokitan bakarrik aurkitu dituzte antzekoak.

Lanabesa hagin egurrez egindako 15 zentimetroko punta bat da. Neandertalgo gizakiek indusketarako erabiltzea posible da, baina forma ikusita, lantza bezala erabiltzea ez dute baztertzen adituek.

Plos One zientzia aldizkariak aurkikuntzaren berri eman du gaur. Giza Garapenaren Ikerketarako Zentro Nazionala (CENIEH), Institut National de Recherches Archeologiques Preventives (Frantzia), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Bartzelonako Autonoma Unibertsitatea, Burgosko Unibertsitatea eta Kantabriako Unibertsitateko adituek topatu dute.

Aranbaltzako aztarnategian (Barrika) 2013tik egindako lanetan, Chatelperronaldiko milaka pieza aurkitu dituzte. Horrela, duela 40.000 urte Iberiar penintsulan bizi izan ziren azken neandertalen bizimoduaren inguruko informazioa biltzen ari dira zientzialariak.

 

Indusketako zuzendaria: "Egurrezko lanabesak aztarnategietan kontserbatzea oso-oso zaila da"

 

Joseba Rios-Garaizar CENIEHko arkeologo eta indusketen zuzendariak azaldu duenez, azken kanpainetan “aztarnategiaren indar estratigrafikoa egiaztatzeko” zundaketak egin zituztenean ustekabe atseginarekin tupust egin zuten. 90.000 urteko “lohi eta hondar aseetara” heldu ziren.

Zundaketetan, “industria litikoko” objektu ezberdinak agertu ziren, baina “baita ongi kontserbatutako egurrezko hondakinak ere”, erabateko “salbuespena”, Rios-Garaizarrek nabarmendu duenez. Arkeologoaren hitzetan, “egurrezko lanabesak aztarnategi zaharretan kontserbatzea oso-oso zaila da”, oso azkar andeatu eta desagertzen den material organikoa delako.

“Ia ikusezina den teknologia da, eta oso gutxitan aztertzeko aukera izan dugu, pieza oso urriak direlako. Orain Aranbaltzako puntari esker neandertalak pixka bat gehiago ezagutuko ditugu”, azpimarratu du Rios-Garaizarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Gizartea bideoak Kultura Plentzia albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena