Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Sutea izan da Seaska ikastolen federazioak Kanbon duen egoitzan
Garrak eraikineko sotoan, materiala gordetzeko erabiltzen duten gelan, piztu dira. Ez da inor zauritu baina kalte material "handiak" dira.
EITB.EUS
Sutea piztu da gaur Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak Kanbon (Lapurdi) duen egoitzan, Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak eitb.eus-i baieztatu dioenez. Zorionez, ez da inor zauritu, baina kalte material handiak izan dira.
Langileek erre usaina nabaritu dute eraikinera sartzean, 08:30ean, eta berehala suhiltzaileei deitu diete. Eraikina hustu (lau behargin zeuden barruan), eta ordubete geroago, 09:30erako, sutea kontrolpean zuten.
Garrak baserriko sotoan, materiala gordetzeko erabiltzen duten gelan, piztu dira. Bertan dituzte, esaterako, Herri Urratseko jantziak, biltegia eta sukaldea. Gorostiagaren esanetan, zirkuitulabur batek eragin du sutea, lehen zantzuen arabera.
Zorionez ez da inor zauritu, baina kalte materialak handiak izan daitezkeela ohartarazi dute.
Seaskako zuzendariak azaldu duenez, arratsalderako zituzten formazio eskolak bertan behera utzi dituzte, eta oraindik ez dakite noiz sartu ahalko dira eraikin barrura, kalteak zehazteko.
Egoitzatik gertu Xalbador kolegioa ere bada, baina normaltasunez ari dira han eskolak ematen.
Ezpeletako Bidean dago Seaskako egoitza, 2013an zaharberritutako baserri batean.