Gizartea -
Michelin Gida 2018
Eneko Atxak laugarren Michelin izarra lortu du, eta Donostiako Ameliak, lehena
EAEko 22 jatetxek izango dute izarren bat 2018ko Michelin Gidan.
eitb.eus
Eneko Atxa sukaldari bizkaitarrak laugarren Michelin izarra eskuratu du, Larrabetzun duen Eneko jatetxearen lehenengoarekin. Paulo Airaudo argentinarrak ere izarra eskuratu du duela zazpi hilabete Donostian ireki zuen Amelia jatetxean.
Atxak bazituen hiru izar Larrabetzun bertan duen Azurmendi jatetxean, eta orain beste bat eskuratu du, Enekon, ibilbidea hasi zuen lokalean, eta Azurmendin baino menu merkeagoa eskainiz.
Donostian, Paulo Airaudo argentinarrak apirilean, Prim kalean Amelia jatetxea ireki zuenean, jarri zuen helburua bete du izarra bereganatuta.
Chef argentinarrak izarra lortua zuen aurreko proiektu batean, La Bottegan, Ginebran, eta orain beste izar dirdiratsu bat gehitu dio Donostiako sukaldaritza konstelazioari.
"Hiruizardunen" Olinpoan jarraitzen dute Donostiako Akelarrek eta Arzakek, Lasarte-Oriako Martin Berasateguik eta Larrabetzuko Azurmendik.