Gizartea -

NAFARROA OINEZ 2017

Milaka lagun bildu dira Lesakan, ikastola berritzen laguntzeko

Tantirumairu ikastolak antolatu du aurtengo Nafarroa Oinez festa, eta eguraldia lagun, jendetza hurbildu da Lesakara. Antolatzaileak oso pozik agertu dira lortutako babesarekin.

Nafarroa Oinezen hasiera ekitaldia, Lesakan. Argazkia: EFE
Nafarroa Oinezen hasiera ekitaldia, Lesakan. Argazkia: EFE
Nafarroa Oinezeko antolatzaileak, oso pozik bildutako jendetzarekin

1:25

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan Lesakan ospatu den Nafarroa Oinez festako antolatzaileak "oso pozik" daude jendeak eman duen erantzunarekin. Izan ere, "dozenaka mila lagun" hurbildu dira bertara, eta hartu dute parte ekitaldietan. Gaur bildutako dirua ikastola handitzeko erabiliko dute, txiki geratu baitzaie egun dituzten 100 ikasleentzat.

Joseba Lasartek adierazi du bikain atera dela dena, eta eguraldia onak ere asko lagundu dituela bai prestakuntza-lanak baita festaren garapena ere. Aro onak jende asko animatu du Lesakara, eta Polizia foralak 4.465 auto, 102 autobus eta 429 autokarabana kontatu dituzte.

Bisitariek nahiko ikuskizun eta zeregin izan dute hiru kilometro eta erdi hartzen zuten lau gunetan.

Gurutze Gorriak, bere aldetik, bi lagun eraman behar izan ditu ospitalera eta 146 lagun artatu ditu: 39 zauriengatik, 21 kolpeengatik eta 20 intoxikazio etilikoengatik.

Hezkuntza eredu propioaren aldarrikapena

Lesakako ikastolan bertan eman diote hasiera egunari, eta bertan, Aitor Iratzoki zuzendariak eta Amaia Lasheras presidenteak "Hezkuntza eredu propioa" erreibindikatu dute,"gure hizkuntza, gure kultura eta gure errealitatea errespetatuko dituena eta berdintasunean, errespetuan eta jasangarritasunean oinarrituta" egongo dena.

Ekitaldian izan dira Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, Ainhoa Azanarez Parlamentuko presidentea, Olatz Garamendi eta Miren Dobaran sailburuak, eta Adolfo Araiz (EH Bildu), Koldo Martínez (Geroa Bai), Iñaki Iriarte (UPN) zein Carlos Gimeno (PSN) parlamentariak, besteak beste.

Nafarroako presidenteak nabarmendu du euskara "elkarbizitzarako tresna" dela.

Omenaldia familiei

Tantirumairu ikastolak 43 urte ditu jada, eta, gaur, proiektuan parte hartu duten guztiei omenaldia ere egin nahi izan diete, horretarako 12 familia hautatuz: kanpotik etorri eta euren seme-alabak euskaraz heztea erabaki zuten familak, hain zuzen ere.

IKA euskaltegi sarea ere omendu dute, eta azkenik; 2018ko Nafarroa Oinez antolatuko duen Altsasuko Iñigo Aritza ikastolari pasa diote lekukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gaurko albisteak Nafarroan Nafarroa Oinez gaur