Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume bat hil du ustez haren bikotekideak Sestaon
Ondoren, ustezko hiltzaileak bere buruaz beste egin du. Udalak elkarretaratzea deitu du ostiralerako.
Agentziak | Erredakzioa
Emakume bat, Noelia Noemi (32 urte), hil du ustez haren bikotekideak Sestaoko etxebizitza batean. Ondoren, gizonak bere buruaz beste egin du, leihotik salto eginez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak ikerketa abiarazi du gertatutakoa argitzeko. Hilketa 11:45ean izan da, Hiru Kontzejuen plazako etxebizitza batean, Sestao udalerriko behekaldean.
EAEko Polizia autonomikoaren lehen hipotesia da gertatutakoa krimen matxista izan dela.
Segurtasun Sailaren arabera, ustezko hiltzaileak berak eta beste senide batek deitu dute Ertzaintzara.
Agenteak bertaratu dira, eta etxebizitzan sartu direnean, emakumea hilda topatu dute, indarkeria zantzuekin. Gizonak ere dagoeneko egin zuen salto kalera.
Arratsaldeko lehen orduan, bi gorpuak lekutik eraman dituzte.
Elkarretaratzea, ostiralean
Udalak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, eguerdian, Kasko Plazan, hilketa matxista saltzeko. Hain zuzen ere, 15 minutuko isilunea egingo dute.
Udaleko talde politikoek adierazpen bat adostu dute, Noeliaren hilketa gaitzesteko eta senideei eta lagunei elkartasuna adierazteko.
Testuaren arabera, ?indarkeria sexistak eragin zuzena du milaka emakumerengan?.
?Egunero hainbat eraso ematen dira emakumeen aurka, eta denak dira gaitzesgarriak?, gaineratu dute taldeek.
Alderdien esanetan, erasoak ?gizonen eta emakumeen artean berdintasunik ez dagoelako? ematen dira. Horregatik, pertsonen arteko berdintasunaren inguruan ?hausnarketa? egiteko deia egin dute.
?Emakumeen aurkako indarkeria atentatua da haien osotasun fisikoaren eta moralaren kontra, eta erasoa haien duintasunaren aurka. Horrenbestez, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina da?.
_____________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.