Gizartea -
'Lekaixoka' lelopean
Eguraldia lagun, milaka pertsona hartu ditu ikastolen aldeko festak
Oñatiko Txantxiku Ikastolak aurtengo edizioa antolatu du, historian bigarrenez.
EITB.EUS
Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, Kilometroak, ospatu dute igande honetan Oñatin, 89. edizioa, hain zuzen ere. 28 urte igaro dira Oñatin Kilometroak 89 ospatu zenetik eta hala, bigarrenez, Oñatiko Txantxiku Ikastolarena izan da aurten, Kilometroak 2017 antolatzeko ardura. Auzolanerako deia egin dute oñatiarrek. Aurreskua abestuaz ekin diote Andoni Egaña eta Nere Gil aurkezleek Oñatiko Foruen Enparantzan egin den Kilometroak 2017ren hasiera ekitaldiari. Bertaratutako agintari, ordezkari eta herritarrei ongi-etorria eta eskerrak eman ostean, Gipuzkoako Ikastolen festa handiaren 41. edizioaren helburu nagusiak azaldu dituzte, orain urtebete Bergarako Aranzadi Ikastolaren lekukoa hartzean finkatu zirenak eta ordutik uneoro landu direnak: auzolana; irekia izatea; parekidetasuna eta aniztasuna; mundu modernoaren eta aurrerakoiaren parte izatea; eta ikuspegi jasangarria barne hartzea.
Lekaixoka da aurtengo Kilometroak jaiaren leloa, Oñatin irrintzika esan gura duen hitza, eta irrintziek protagonismo handia izan dute ekitaldian, festara batzeko eta elkarlanean aritzeko deia zabalduz. Eta hain zuzen ere, irrintziek batutako gizarteko hainbat esparru ordezkatu dituzten herritarrek hartu dute parte ohiko zinta-mozketa ordezkatu duen ekitaldian: horma bateko kuboak kendu ostean, Kilometroak 2017 Lekaixoka Oñati zioen mezua osatu dute. Hasiera ekitaldian ikastolako ikasleek ere izan dute euren lekua, aurtengo abestiaren koreografia dantzatu dute eta, ta abesti beraren lehen notak kantatuz amaitu dute aurkezleek ekitaldia.
Guztira, 1.600 boluntario inguru dira lanean. Txantxiku Ikastolak bost kilometro inguruko zirkuitua antolatu du, 1989an Oñatin egin zen Kilometroak jaiaren ibilbidearen oso antzekoa, hain zuzen ere.