Gizartea -
Aurrekontu ekologikoa
Lurraren 2017rako baliabide natural guztiak agortu ditu gizateriak
Ondorengo belaunaldiei dagozkien natur baliabideak kontsumituz bizi garela ohartarazi du WWF erakundeak, eta klima-aldaketari aurre egiteko neurri gehiago eskatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Lurrak urtebetean lehenera ekar ditzakeen lehen mailako natur baliabide guztiak agortuko ditu munduak asteazken honetan, abuztuak 2. Horrela, planetak urte osorako duen “aurrekontu ekologikoa” gaindituko dela ohartarazi du WWF erakundeak.
“Ondorengo belaunaldiei dagozkien natur baliabideak kontsumituz bizi gara”, azpimarratu du Juan Carlos del Olmo WWF Espainiako idazkari nagusiak.
WWF Espainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Lurrak urte osoan lehenera ekar ditzakeen lehen mailako baliabide natural guztiak irailean agortu zituen munduak 1997. urtean; iaz, abuztuaren 8an agortu zituen; aurten, berriz, zazpi hilabete inguru aurreratu da data hori.
Halaber, gizateriak planeta bakar batek baino gehiagok ekoitzi dezakeena kontsumitzen duela azaldu du erakunde horrek. Zehazki, gaur egun 1,7 planeta beharko lirateke kontsumo horri aurre egin ahal izateko, eta, Espainiaren kasuan, 2,4 planeta beharko lirateke natur baliabideen eskaera asebetetzeko.
Globar Footprint Network erakundeak egindako beste txosten baten arabera, gizateriak uzten duen aztarna ekologikoaren % 60 karbono emisioekin lotuta dago, eta horrek eragin zuzena du klima-aldaketan. Gainera, 70eko hamarkada hasieratik, munduko karbono emisioak bikoiztu egin dira.
Dena dela, Lurraren baliabide naturalak gainditu gabe bizitzea “gure esku” dago, WWF erakundearen esanetan. Ildo horretatik, klima-aldaketaren kontrako Parisko Ituna (2015) eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Milurteko Garapen Helburuak jarri ditu adibide gisa.
Alabaina, hainbat herrialdek, Espainiak tartean, klima-aldaketari aurre egiteko “neurri gehiago” har ditzaketela azaldu du erakundeak. Hala, karbono emisioak murrizteko neurriak eta energia berriztagarriak aipatu ditu WWFk.