Gizartea -

Isuna

Segurtasun Sailak 'mozal legea' ezarri dio Hala Bedi irratiko kazetari bati

Ertzaintzak kazetari bat 'mozal legea'rekin zigortu duen lehen kasua da.

Ertzaintza eta argindar teknikariak, maiatzaren 18an Errekaleorren. EFE
Ertzaintza eta argindar teknikariak, maiatzaren 18an Errekaleorren. EFE
Ertzaintza eta argindar teknikariak, maiatzaren 18an Errekaleorren. EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Mozal legea' oinarri, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 600 euroko isuna jarri dio Hala Bedi irratiko kazetari bati, Errekaleor (Gasteiz) auzo okupatuaren argindarra moztu zuten egunean, maiatzaren 18an, egindako lanagatik, irrati libreak jakinarazi duenez.

Salaketan irakur daitekeenez, Ertzaintzak ezarritako segurtasun hesia "apurtzea" eta ertzainei "indarkeriaz oldartzea" egotzi dio Segurtasun Sailak kazetariari.

Hala Bedik, baina, gezurtatu egin ditu akusazioak, eta azaldu du kazetaria dagoeneko Errekaleorren barruan zegoela Ertzaintzak segurtasun hesia ezarri aurretik. Gainera, ertzainek telefonoa apurtu zioten. Horren ildotik, isuna auzo okupatuko "argi mozketaren jarraipena egiteagatik" jarri dutela kritikatu dute, barruan zegoen hedabide bakarra zelako.

Irrati libreak gogorarazi duenez, Ertzaintzak kazetari bat 'mozal legea'rekin zigortu duen lehen kasua da, eta aurreratu du ez duela ordainduko isuna, "lege injustuak desobeditzeko dugun legitimitatea" dela eta.

Gainera, Hala Bedik gogora ekarri du iaz Eusko Jaurlaritzak "mozal Legea ez ezartzeko konpromisoa" hartu duela.

Bere aldetik, Segurtasun Saileko iturriek diote Ertzaintzak "legea betetzen" duela eta helegitea jartzeko aukera ere badagoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko azken orduko albistea Kazetariak albisteak