Gizartea -

Erantzuna Anonymousentzat

Ez, NASAk ez du bizi estralurtarrik topatu

Anonymous taldeak balizko iragarpen horren berri eman du bideo biral batean, baina NASAk gezurtatu egin du.

Epsion Eridani izarra. NASA
Epsion Eridani izarra. NASA
Epsion Eridani izarra. NASA

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NASAk gezurtatu behar izan du bizi estralurtarra topatu duela iragarriko duela aurki, Anonymous taldearen bideo batek balizko iragarpen horren berri eman eta gero.

Anonymousek 12 minutuko bideo bat publikatu du, eta, horretan, aurreratu du NASAk bizi estralurtarra topatu duela eta iragarpena aurki egingo duela.

Thomas Zurbuchen NASAko Misio Zientifikoen buruak, baina, gezurtatu egin du: "NASAk ez du inolako iragarpenik egingo bizi estralurtarrari buruz".

Anonymousen bideoak bi milioi bisita baino gehiago izan ditu egun gutxitan, eta hainbat hedabidetan sinesgarritasuna eman diote.

12 minutuan, taldeak hainbat pertsonaren adierazpenak bildu ditu, baina testuinguruz kanpo.

Adibidez, ustezko "froga" gisa aipatu duten adierazpen nagusia Zurbuchenek berak egin zuen, apirilean, Kongresuaren Batzorde Zientifikoan. Hauxe da taldeak jasotako esaldia: "Kontuan hartuta zenbat misio dauden bizi estralurtarra bilatzen, historia osoko deskubrimendurik handiena egiteko zorian gaude".

Dena dela, esaldi hori testuinguruz kanpo dago, Universe Today webguneak azaldu duenez. Izan ere, agerraldi horretan, orokorrean hitz egin zuen Zurbuchenek, Marte planetara eta Europa ilargira egingo diren misioei buruz, Kongresuaren arreta erakartzeko. Horrek ez du esan nahi dagoeneko bizi estralurtarrik topatu izana.

"Bakarrik gaude unibertsoan? Ez dakigu oraindik, baina hainbat misio daude martxan funtsezko galdera horri erantzuteko", esan du Zurbuchenek, txio batean, polemikari amaiera emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena zuzenean Albiste faltsuak sare sozialeetan AEB espazio agentzia