Gizartea -

Ikastolen alde

Abian da Araba Euskaraz, Bastidan

Arabako ikastolen aldeko jaiak espazioarekin lotutako hiru gune ditu. "WOW!" lelopean, Bastida Ikastolako arduradunek egitarau zabala prestatu dute.

Araba Euskaraz 2017
Araba Euskaraz 2017
Beroa gorabehera, euskaltzaleek Bastida hartu dute gaur

1:20

EiTB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka euskaltzale gerturatu dira Bastidara, Araba Euskaraz jaira, WOW! lelopean, Arabako Errioxako herri horretako ikastolak antolatuta.

10:00etan eman diote hasiera jaiari. Bastida Ikastolako arduradunek egitarau zabala prestatu dute egun handi honetarako: dantza ikuskizunak, bertso saioa, disko festa, kontzertuak, herri kirolak, puzgarriak, pailazoak, tailerrak, ipuin kontalaria, kale animazioa… Halaber, Arabako herriarteko pilota txapelketaren finala jokatuko da kiroldegian, 10:00etatik 13:30era.

Ohi bezala, musikak leku garrantzitsua izango du Araba Euskarazen. Kontzertuei dagokienez, Oihan Vega, Huntza eta Hesian taldea igoko dira oholtza gainera, Arabako aipatu udalerriak hartuko duen ikastolen aldeko jaian.

Esnebidea, Andromeda eta Prometheus guneak

Bastida Ikastolako arduradunek espazioarekin lotu dituzte aurtengo Araba Euskaraz jaia eta ikastolaren ibilbidea. “Espazioa biraka dabil etengabe, eta ez da inoiz geratzen, ikastolaren filosofia bezala”, adierazi dute antolatzaileek. Gainera, hezkuntza hartzen ari den norabide teknologikoari garrantzia eman diote: “Hezkuntza proiektu berriak garatzen ditugu Bastidan, ikastola aurrera ateratzen, zailtasun ekonomikoak eta estrukturalak elkarlanean gaindituz”, azaldu dute. Lortutako diru guztia hezkuntza sistema berria ezartzeko bideratuko dute.

Aurtengo irudian suziri bat agertzen da, "WOW!" hitzarekin batera. Izan ere, Araban ikastola eta euskara etengabe goraka doazela azpimarratu nahi dute. Gainera, guneen izenak ere espazioarekin lotu dituzte, umeen jakin-mina pizten duen mundua baita. Hiru gune egongo dira: 1. gunea, Esnebidea; 2. gunea, Andromeda, eta 3. gunea, Prometheus. Esnebidean, ikastola hartzen duen gunean, hiru inguru izango dira: Proxima Centauro, Eguzkia eta Alfa. Nabari denez, oso izen “espazialak” dira denak.

Jarraipen zabala EiTBn

EiTBk jarraipen zabala egiten ari zaio Araba Euskarazi. Hala, EiTBko irratiak 3. gunean bertan izango dira, eta ETBko albistegiek ere Arabako ikastolen aldeko jaian jazotzen ari den guztiaren berri emango dute zuzenean. Gainera, HIRU3 klubak bere txokoa izango du, eta ekintza bereziak antolatuko ditu gaztetxoenentzat. Han egongo da Gorritxo pertsonaia maitagarria, umeekin argazkiak egiten eta “3TXULO” saioko beste protagonista batzuekin kantuan eta dantzan. Hurrengo egunetan jarriko dituzte argazki guztiak webgunean ikusgai.

Beraz, dena prest dute Bastidan, abestian aipatzen denez, izarren arterako bidaia hasteko, mundu berriak ikusteko, baina sustraiak ahaztu gabe.

Bastida Ikastola

70eko hamarkadaren amaieran, Bastidako guraso gazte batzuek amets egiten zuten euren seme-alabak euskaraz eta euskal kulturaz haztearekin. 1979. urtean, Bastidan, gela bat, andereño bat eta zazpi ikaslerekin, ametsak errealitate bihurtu ziren. Urtero egindako ahaleginari esker, ikastola propioa lortu zuten 2006/2007 ikasturtean.

Arabako Ikastolen jaia

1981. urtean egin zen lehen aldiz Araba Euskaraz. Urteak joan eta urteak etorri, euskaltzale ugari batzen duen euskararen aldeko jaia urteroko hitzordua bihurtu da. Alabaina, Araba Euskarazek hasierako helburuei eusten die: Arabako Ikastolen jaialdia izatea, Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Araba Euskaraz argazkiak Gizartea bideoak Azken kultur albisteak Albisteak Bastida