Gizartea -
Jaurlaritzaren txostena
Bost ikasletik batek bullyinga jasan duela dio
2005eko datuekin alderatuta, gora egin du eskola jazarpenaren biktima izan direla dioten umeen eta gaztetxoen kopuruak.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bost ikasletik batek dio inoiz bullying edo eskola jazarpena jasan duela. Zehatz jarrita, azken urteetan Lehen Hezkuntzako (LH) ikasleen % 22,7k esan dute ikaskideen aldetik tratu txarrak jasan dituztela; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei dagokienez, % 19,2k aipatu dute hori.
"Ikaskideen arteko tratu txarrak 2016" txostena aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta bertan jasotako emaitzak prentsaurrekoan azaldu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.
Ikerlanak Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetako eta DBHko ikasleek eskola jazarpenaz duten "iritzia eta pertzepzioa" jasotzen ditu. Hain justu, horixe azpimarratu du Uriartek. Aipatutako kasuak ez dira Hezkuntza Ikuskaritzak egiaztatutakoak, ikasleek gaiaren inguruan duten "sentsazioez" galdetu baitiete.
2016koa Hezkuntza Sailak egindako bosgarren ikerketa da, eta azken urteetan sentzibilizazio eta kontzientziazio handiagoa sumatu dute. Izan ere, lehen "umeen kontuak" zirenak jazarpentzat hartzen dira orain. Hala, hazi egin da ikaskideen aldetik tratu txarrak jasan dituztela dioten ume eta gaztetxoen kopurua. 2005eko datuekin alderatuta, % 2 gehiago dira Lehen Hezkuntzan bullyinga jasan dutela diotenak; DBHn, berriz, % 6,9 gehiago. 2012ko datuak hartuz gero, berriz, LHn 1,3 puntu jaitsi da Tratu Txarren Indize Orokorra, eta DBHn 4,2 puntu igo da.
Adinean gora eginez gero, tratu txarren pertzepzioa txikiagoa da. Hau da, tratu txarren indize orokorraren ehunekoa 3,5 puntu gorago dago Lehen Hezkuntzan DBHn baino.
Ikasleen % 3k ziberjazarpena jasan dutela nabarmendu dute.
LHn, jolastokian; DBHn, ikasgelan bertan
Tratu txar gehienak ahozkoak izan ohi dira. Lehen Hezkuntzan, jolastokian izaten dira jazarpen gehienak, batez ere ikasgela bereko mutilek eragindakoa. DBHn, aldiz, ikasgelan bertan jazo ohi da bullyinga, hori ere mutilek sortutakoa hein handi batean.
Mutilek tratu txar gehiago jasaten dute neskek baino, eta hori aztertutako ikasturte eta urte guztietan gertatzen da.
Biktimek, bai Lehen Hezkuntzan bai DBHn, gehiago jotzen dute laguntza eske familiarengana eta lagunengana, ikastetxeko profesionalengana baino. Halere, Lehen Hezkuntzako % 26,6k eta DBHko % 22,1ek, batzuetan, ez diote inori kontatzen.
Ikastetxeetako zuzendaritza taldeen arabera, tratu txarren berri izaten dutenean, ia irakasle guztiek zuzenean hitz egiten dute nahasitako pertsonekin (% 95,7k LHn eta % 78,5ek DBHn), gaia ikasgelan lantzen dute, eta familiarekin hitz egiten dute (% 89,2k LHn eta % 92,5ek DBHn).