Gizartea -

Mungian

Helburua lortuta amaiera eman diote aurtengo Ibilaldiari

Gaur egun ere ikastolen hastapenetik defendatutako 'euskalduntasuna eta auzolana' aldarrikatzen jarraitzen dutela nabarmendu du Itziar Nogeras Larramendi ikastolako zuzendariak.

Ibilaldia 2017 Mungian
Ibilaldia 2017 Mungian
Aurreikuspen guztiak bete ditu 2017ko Ibilaldiak

1:11

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu dira igande honetan Mungian, Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldia 2017 jaian, "Egunero alkarregaz" lelopean. Orain dela hogei urte egin zuten moduan, Larramendi ikastolako kideei egokitu zaie aurten festaren antolakuntza. Lortutako dirua ikastola hobetzeko lanak ordaintzeko erabiliko dutela azaldu dute antolatzaileek, "XXI. mendeko ikastola izateko".

Aurreikusitako helburuak lortu dituztela nabarmendu dute Larramendi ikastolako ordezkariek. Zenbatekoak alde batera utzita, antolatutako jarduera guztiak egin ahal izan direla azpimarratu dute.

Itziar Nogeras ikastolako zuzendariak nabarmendu duenez, "orain dela 20 urte eta gaur egun oso testuinguru desberdinak ditugun arren, eutsi egin nahi diegu ikastolen sorreratik izan diren balioei: euskalduntasuna eta auzolana, besteak beste".

Eguraldia lagun, txiki zein helduentzat jarduera ugari izan dira egun osoan, ia sei kilometrotako ibilbidean prestatutako lau eremutan: musika kontzertuak, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen emanaldia, Goazen telesaileko aktoreen ikuskizuna eta euskal zumba, besteak beste. Datorren urteko lekukoa Santurtziko Bihotz Gazte ikastolari eman diote, han izango baita Ibilaldia 2018.

Ikastolek "hezkuntza arloko akordioa" aldarrikatu dute, "hezkuntza lege berri bat" egiteko

Ibilaldia jaiaren eguna aldarrikapen eguna ere izan da ikastolentzat. Batetik, "hezkuntza arloko akordioa" aldarrikatu dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza lege berri bat martxan jarri eta hezkuntza sistema eraldatzeko. "Festa hau gure ereduaren, ikastolen ereduen, aldarrikapena" dela nabarmendu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak.

Bestetik, Josune Bañales Ibilaldiko presidenteak eredu horren lau ezaugarriak nabarmendu ditu: "euskalduna, herritarra, berezko hezkuntza eredua eta eraldatzailea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ibilaldia Mungia albisteak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea