Gizartea -
Minbiziaren kontrako borroka
Biodonostia institutuak garuneko tumorean funtsezkoa den genea atzeman du
Euskal institutuaren aurkikuntza Scientific Reports aldizkariak argitaratu du eta gene horrek minbizi mota horretan nola eragiten duen azaltzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Biodonostia institutuak eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleak zuzendutako ikerketa bati esker, SOX1 geneak garuneko tumore ohiko eta kaltegarrienean nola eragiten duen jakin ahal izan da.
Scientific Reports aldizkariak eman du euskal institutuaren aurkikuntzaren berri, Biodonostiak ohar bidez jakitera eman duenez.
Ikerketa nazioarteko proiektu baten baitan egiten ari dira, eta Ander Matheu Biodonostiako Onkologia Zelularreko taldearen arduradunak zuzentzen du. Ikerketa horrek ondorioztatu du bizi-itxaropen txikiagoa duten pazienteei egindako biopsietan SOX1 genea ohiko mailatik gora dagoela.
Gainera, gene horren mailak gora egiten du tumoredun zelula zehatzetan, garuneko minbizia agertzea eta zabaltzea eragiten duten zeluletan, hain zuzen ere.
Areago, garuneko zeluletan SOX1 genea aktibatzea galarazi dutenean, “zelula horiek bere ezaugarri kaltegarri guztiak galtzen dituzte, baita beren birsortzeko gaitasuna eta tumore jarduera ere”.
Ikerketa honen emaitzak bide berriak aztertzeko aukera ematen du, aipatu genea markagailu biologiko eta terapeutikotzat erabilita.
Hipotesi horri helduta ikertzen jarraitu ahal izateko, Berrikuntzarako eta Osasun Ikerkuntzarako Euskal Fundazioaren laguntzarekin, ikerketaren emaitzak patentatu dituzte.