Gizartea -
Zientzia
Bizia edukitzeko aukera gehien dituen exoplaneta aurkitu dute
LHS 1140b izeneko planeta 39 argi-urtera dago, Zetus konstelazioan, "Eguzki Sistemaren auzoan".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazioarteko astronomo talde batek bizia izan dezakeen exoplaneta bat aurkitu du, Eguzki Sistematik kanpo, 39 argi-urtera.
Nature aldizkarian azaldu dutenez, izar nano gorri baten inguruan du orbita planetak (LHS 1140b jarri diote izena), eta haren ezaugarriak ikusita, baliteke ura edukitzea. Horregatik, bizia izan dezakeela uste dute.
LHS 1140b planeta Zetus konstelazioan dago, “gure Eguzki Sistemaren auzoaren barruan”, adierazi du Felipe Murgas Kanarietako Astrofisika Institutuko zientzialariak.
“Azken hamarkadan ikusi dudan exoplanetarik interesgarriena da, eta hautagai perfektua da zientziaren misio handienetako bat abiatzeko: Lurretik kanpo bizi arrastoak topatzea”, esan du Jason Dittman Harvard-Smithsonian Astrofisika Zentroko (Cambridge, AEB) zientzialari eta ikerketako egile nagusiak.
Argazkia: EFE
Neurketen arabera, LHS 1140b planetaren erradioa Lurrekoa baino 1,4 aldiz handiagoa da, eta masa 6,6 aldiz astunagoa da.
Gainera, bere izarrarekiko gertutasuna kontuan hartuta, “bizitzeko egokia den eremua”ren barruan dago, hau da, azaleko tenperaturak posible egiten du ura likidoa, solidoa zein gaseosoa izatea.
Nolanahi ere, ura ez ezik, atmosfera izatea ere beharrezkoa da bizia edukitzeko.