Gizartea -

Gipuzkoako Ikastolen jaia

Lekaixoka!, 2017an Oñatin egingo den Kilometroak jaiaren leloa

Txantxiku ikastolak antolatuta, datorren urtean iraileko azken igandean egingo da Gipuzkoako Ikastolen jaia.

Kilometroen lema eta logoa
Kilometroen lema eta logoa
Kilometroen lema eta logoa

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lekaixoka! izango da 2017an Oñatin egingo den Kilometroak jaiaren leloa, gaur herrian bertan egindako aurkezpenean iragarri dutenez. Txantxiku ikastolak antolatuta, Kilometroak eguna astebete aurreratuko da eta irailaren 24an izango da Oñatiko sanmigelekin bat ez egiteko.

2016ko Kilometroak jaia duela hilabete eta erdi inguru izan bazen ere, Gipuzkoako Ikastolak hurrengo ekitaldiari begira jarri dira dagoeneko. Urriaren 2an Bergarako Aranzadi ikastolak Oñatiko Txantxiku ikastolari eman zion lekukoa, eta gaur iluntzean Kilometroak 2017 jaiaren leloa eta logoa aurkeztu dituzte Oñatiko Zubikoa kiroldegian egindako ekitaldian.

Lekaixo hitzak oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan nahi du. Ildo horretan, antzinako euskaldunek abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko edota urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko erabiltzen zuten deiari lekaixua deitzen diote Oñatin. Antolatzaileek azaldu dutenez, lekaixoka hitzaren oinarrian auzolanaren ideia dago, "hortik, auzolanetik sortu eta sortzen garelako, Txantxiku ikastola bera ere orain dela 50 urte auzolanetik sortu eta hazi delako".

Txantxiku Ikastolako zuzendari Zigor Ibartzabalek aukeratutako leloa eta auzolana lotu ditu: "Ildo komunikatiboa lantzen hasi ginenean galdetu genion gure buruari. Zer nahi du ikastolak Kilometroen bitartez komunikatu? Eta pentsatu genuen auzolana zela oinarria. Hortik tiraka etorri zen Lekaixoka".

Irudia egiterakoan, berriz, lekaixoaren, oihuaren, errepresentazioa egin dute eta kolore berdea eman nahi izan diote, naturari erreferentzia eginez.

Aurkezpen ekitaldia jai giroan, lekaixoka egin dute Oñatin. Hasteko, ikastolaren 50 urteko ibilbidea irudikatzen zuen antzezlana egin dute eta segidan musikak eta dantzak protagonismoa hartu dute. Behin leloaren eta logoaren misterioa argitutakoan, haur, gazte eta helduak Kilometroak 2017 jaiko arropa jantzita igo dira oholtza gainera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Kilometroak albisteak Gipuzkoako albisteak Gizartea albisteak Oñati Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza