Gizartea -
Bergara
Kilometroak jaia 'Demasa' izan da
Aranzadi ikastolako presidenteak azpimarratu du jendartearen inplikazioa, erakundeen lanarekin batera, tresna gakoa dela euskararen normalkuntzaren bidean.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka lagun bildu dira gaur Bergaran, Kilometroak 2016 jaiaren ospakizunean eta normaltasuna izan da nagusi bertan. Horrenbestez, antolatzaileen aurreikuspenak bete egin dira: "Aurreikuspenak bete egin dira eta demasekoa izan da Bergarako Kilometroak jai eguna", adierazi dute.
Nahiz eta jendearen joan-etorria handia izan den, busentzako edota ibilgailuentzako jarritako aparkalekuak bete egin baitira, ez da aparteko arazorik izan. "Jendeak portaera oso ona izan du", gaineratu dute arduradunek.
Inaugurazio ekitaldiko hitzaldiak
Jaiaren irekiera-ekitaldian, Aitziber Lopez de Aretxaga Aranzadi, ikastolako presidenteak "jendartearen inplikazioa" azpimarratu du aurtengo Gipuzkoako ikastolen ekitaldia abian jartzeko arrazoi nagusi gisa. Zentzu horretan, Aranzadiko hezkuntza-komunitateak Bergarako herriaren "eskuz eskuko" laguntza izan duela adierazi du.
Lopez de Aretxagaren aburuz, jendartearen inplikazioa, erakundeen lanarekin batera, tresna gakoa da euskararen normalkuntzaren bidean.
Hezkuntzaren euskal legea
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua ere izan da inaugurazio ekitaldian. Bertan, hezkuntzari buruzko euskal lege bat aurrera ateratzeko beharrizan aldarrikatu du, "adostasunean, elkarlanean, elkarrekiko enpatian eta hezkuntzarekiko errespetuan" oinarrituta egongo dena.
Uriartek eskerrak eman ditu azken urteetan ikastolek egindako lanagatik; izan ere, beste eragile batzuekin batera, euskal hezkuntza-sistema hobetzeko ahaleginean jardun baitute.
Onartu duenaren arabera, ez dira urte samurrak izan, "inposatu nahi diguten lege baten ondorioz (LOMCEri, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoari, erreferentzia eginez), baina Eusko Jaurlaritzak, "arau horri aurka egiteaz gain, bere bideari ekitea" erabaki zuela nabarmendu nahi izan du.
"Lan asko dugu egiteko", baina "egin beharra daukagu, gizarteari hezkuntzari buruzko euskal legea zor baitiogu", adierazi du Uriartek.
1.500 boluntario
1.500 boluntario inguru ari dira laguntzen Kilometroak jaiaren antolaketan. Jaia horren ibilbideak bost kilometro ditu eta zirkuituan zehar bost gune daude.
Gaurko egunaren ostean, Oñatiko Txantxiku ikastolak hartuko du lekukoa 2017 Kilometroak antolatzen hasteko.