Gizartea -

Aholkuak

Zer egin argazki intimo bat lapurtzen badigute eta sareratzen badute?

Onena salaketa jartzea da, horrelako irudiak dituzten webguneak urrutiko herrialdeetan baitaude erregistratuta.

Behin salaketa jasota, poliziak domeinuaren jabea topatzeko ikerketak abiatuko ditu. Argazkia: EiTB
Behin salaketa jasota, poliziak domeinuaren jabea topatzeko ikerketak abiatuko ditu. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sarean gabiltzala, gure argazki edo bideo intimo bat ikusi dugu webgune batean. Estu eta larri, nora jo ez dakigula geratu gara, babesik gabe. Egoera horren aurrean nola jokatu beharko genukeen azaldu du Ofelia Tejerina interneteko erabiltzaileen defendatzailea den abokatuak.

Elkarte horren arabera, lehenik eta behin "domeinuaren jabea topatzen saiatu behar dugu, eta argazkia edo bideoa kentzeko eskatu". Aholku honek zerbitzaria Espainiako Estatuan duten webguneentzat bakarrik balio du. Zerbitzaria non dagoen jakiteko, legezko oharra irakurri beharko dugu. Dena den, gehienetan horrelako webguneak urrutiko herrialdeetan daude erregistratuta. Horrenbestez, salaketa jartzea da onena.

Lapurtu digutena bideo bat bada, epaile batek zehaztu beharko du horren larritasun maila, legeak "pertsona baten irudia, filma edo argazkia aireratzea edota erreproduzitzea" jasotzen baitu delitu gisa. Askotan, dena den, sareratzen direnak pixelatuta dauden bideoak edo argazkiak izaten dira, eta horietan ezin da protagonista identifikatu. Nork bere burua ezagututa ere, kasu horietan ezer gutxi egin daiteke.

Normalean, irudi intimoak biltzen dituzten orrialdeak urrutiko herrialdeetan egoten dira erregistratuta. Poliziaren aurrean salaketa jartzea ezinbestekoa da, beraz; batez ere, irudietan adin txikikoak ageri badira. Agenteek ikerketa abiatuko dute domeinuaren jabea topatzeko. Irudia sarean dagoenean, zaila izaten da guztiz ezabatzea, cache-memorian edota hemeroteka birtualetan gordeta geratzen baita, eta kasu askotan, webgune batek beste batekin partekatu ahal du.

Horrelakoetan, agintariek itxi egiten dituzte webguneak. Epaile batek zehaztu behar du biktimari egin dioten kalte morala. Legearen arabera, "kalte-ordaina kasuaren ezaugarrien eta eragindako kaltearen norainokoaren araberakoa izango da. Hala, webgunearen audientzia eta irudiari emandako zabalkundea edota irudia sareratzeagatik jasotako diru-sarrerak hartuko dira kontuan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak