Gizartea -
'Science' aldizkaria
Ozono-geruza lehengora etortzen ari da Antartikan
Irailean egindako neurketen arabera, ozonoaren zuloak 4 milioi metro karratu galdu ditu 2000tik, tamainarik handiena izan zuenetik.
Agentziak | Erredakzioa
Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) zientzialariek ozono-geruzaren “lehen sendabide zantzuak” identifikatu dituzte Antartikan, Science aldizkariak argitaratutako artikulu batean kaleratu dutenez.
Irailean egindako neurketen arabera, ozonoaren zuloak 4 milioi metro karratu galdu ditu 2000tik, tamainarik handiena izan zuenetik.
Zientzialari taldeak lehen aldiz erakutsi du berreskuratze hori pixka bat moteldu dela, urtero sumendietan izaten diren erupzioen ondorioz, baina, oro har, ozono-geruzaren zuloa sendabidean dagoela ematen du.
Ozonoa berreskuratzeko gakoa klorofluorokarbonoen (CFC) murrizketan dagoela uste dute ikertzaileek. Garbiketan, hozkailu zaharretan eta aerosoletan (ilearentzako laka, esaterako) erabili ohi ziren osagai kimikoak ziren.
Montrealgo Protokoloa
1987an, munduko ia herrialde guztiek Montrealgo Protokoloa sinatu zuten, CFC gasak debekatzeko, ozono-geruzaren zuloa berreskuratze aldera.
“Orain seguru dakigu egin ditugun gauzek sendabidean jarri dutela Lurra”, esan du Susan Solomon MITeko Atmosferaren Kimikako eta Klimaren Zientziako irakasleak. Solomon izan da azterketaren egile nagusia, baina Atmosferaren, Lurraren eta Planetaren Zientzia Departamentuko Diane Ivyrekin eta Boulderko (Colorado, AEB) Atmosferaren Ikerketa Zentro Nazionaleko eta Leedseko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileekin batera egin du.
Kloro, tenperatura eta eguzki-argia
Kloroak ez ezik, tenperaturak eta eguzki-argiak ere eragiten diote ozonoari. Neurketek baieztatu dutenez, ozono-geruza abuztu amaieran hasten da urtero ahitzen, Antartika negu iluna atzean uzten doan heinean, eta ozono-geruzaren zuloa guztiz osaturik izaten da urriaren hasieran.
Kloroak behera egin duen heinean, zuloa zabaltzeko abiadura ere moteldu dela baieztatu dute Solomonek eta lankideek.
Zientzialariaren ustez, sumendien erupzioak alde batera utzita, atmosferan kloroaren mailak murrizten jarraitzen badu, ez dago ozonoaren zuloa txikitzen ez jarraitzeko arrazoirik. Are gehiago, ez du baztertu zuloa mendearen erdialdera guztiz ixtea.
Balantzaren beste aldean, klima-aldaketak 250.000 heriotza gehiago eragingo ditu urtero 2030 eta 2050 artean, desnutrizioak, malariak, beherakoak eta tenperaturek gora egiteak eraginda, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) argitaratu duen txosten batek jakinarazi duenez. Horien aurrean ahulenak umeak, adinekoak eta gaixo kronikoak izango direla ohartarazi du.